Garoa Martinez, munduko onenekin lehian
Garoa Martinez atleta bermeotarrak Munduko Halterofilia Txapelketan parte hartu du asteon, Bahrainen.
Garoa Martinezek Munduko Halterofilia Txapelketa lehiatu du asteon, maila absolutuan, Bahrainen. Atleta bermeotarrak Espainiako Selekzioaren koloreak defendatu ditu munduko lehiakiderik puntakoenen kontrako goi mailako txapelketan. Martinez C txandan aritu da eta, selekziotik aditzera eman dutenaren arabera, “oso borrokalari” agertu da. Bere txandan, hamaika parte hartzailek neurtu zituzten indarrak, aurretiaz lehiaturiko D txandakoen markak irauli asmoz eta ondoren lehiatu zuten B eta A txandei “gauzak zail jartzeko” helburuz.
Egiteko gaitzari aurre egin behar izan zion martitzenean [abenduak 10] Bermeoko txapeldunak: arrankada jardueran 88 kiloko pisua gainditu behar izan zuen; denbora bikoan, ostera, 108 kilokoa. Izan ere, D txandakoek “koxka oso handia” utzi zieten Martinezi eta bere txandako gainontzeko partaideei. Multzo horretan, parte hartzaileen arteko “berdintasun handia” azpimarratu dute selekziokideek. Edozelan ere, bermeotarrak ia-ia bere marka pertsonala harrapatu duen, arrankadaren hirugarren saiakeran, egun duen maila itzelaren erakusle.
Jarduera arteko itxaronaldi luzeek ez diote onurarik egin bermeotarrari
Bere onena emanda, azaldu dute jardueren saiakera artean itxaronaldi luzeak egon zirela, eta horrek ez ziola “inongo onurarik” egin Martinezi. Itxaroten egon beharrak, hain zuzen ere, egitekoa asko zaildu zion, denbora biko jardunean bilatzen zituen progresioetan.
Martinez, gainera, ez zen txapelketan parte hartu zuen atleta euskaldun bakarra izan: Naroa Arrasate nafarra bidelagun izan zuen. Selekzioak bien parte hartzearen “balorazio oso baikorra” egin du, “barruan zuten dena” eman zutela nabarmenduta eta biei ala biei “beren esfortzuagatik” eskerrak emanda.