Katedraleko kantxa musika ikuskizunek beteko dute
Jai Alai Jaiaren hirugarren edizioa hartuko du zapatuan, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoiak. Puntisten ohiko joko eremutik Naz taldearen, Izaroren eta Oxabiren kontzertuez gozatu ahalko dute ikusleek, eta Dj Opilak bikotea ere bertan izango da. Sarrerak eskuragarri daude oraindik.
Zesta puntaren katedrala balio anitzeko espazioa da: balio du zesta puntan aritzeko, jolasgunetzat hartzeko edota kontzertuak emateko. Hain zuzen ere, musikari zein musikazaleei aterpea eskaintzeko gunea izango da zapatuan (abenduak 14) pilotaren katedrala. Jai Alai Jaiaren hirugarren aldia ospatuko dute bertan, eta puntisten ohiko joko eremutik kontzertuez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Naz taldea, Izaro, Oxabi eta Dj Opilak izango dira aurtengo protagonistak, eta horien doinuez gozatzeko aukera izango dute ikusleek. 18:30ean zabalduko dituzte ateak, eta 19:15ean hasiko dira kontzertuak.
Dagoeneko egonkortzen ari den jaia da, data finkorik izan ez arren, jendeak abendu erdialdean edo amaieran ospatzen dela badakiena. “Jendeak asko galdetzen digu, batez ere Oxabiko kideei, ea aurten ze egunetan izango den jaia, ze ez dugu lortzen urtero egun berean egitea, frontoian antolatzen diren gainontzeko ekintzekin uztartu behar dugulako, baina jendeak badaki gutxi gorabehera abenduaren erditik amaierara bitartean egiten dela”, azaldu dute antolatzaileek.
Gernika-Lumon kontzertuak emateko espazio berri bat bilatzeko helburuagaz ekin zioten jai honi duela hiru urte, pertsona asko sartuko liratekeen espazio berri bat bilatzeko nahia baitzuten Oxabikoek, eta Jai Alai frontoia hautatu zuten horretarako gune: “Hasieran, Oxabigaz, pertsona asko sartzeko espazio bat bilatzea zen helburua, kontzertu bat emateko, eta Gernikan Jai Alai frontoia zegoela jakitun, hor kontzertu bat antolatzeko nahiari ekin genion. Bertan, kontzertuak armaietara begira egin ohi dira, baina guk kantxan egiteko aukera aztertu genuen, akustikoki oso ondo dagoen eremua ere badelako”. Eta hala egin zuten.
Gernika-Lumoko Udalagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz elkarlanean, lortu zuten kantxako espazioa kontzertuak eskaintzeko eta ikusteko erabiltzea. “Zerbait segurua egin behar genuen, ze kantxako lurra oso berezia da, eta ondo zaindu behar da. Hala, udalak jartzen duen babesteko moketaz gain, guk beste plastiko bat eta beste moketa gehigarri bat ere jartzen dugu”, jakinarazi dute.
Erakutsi dute frontoia diziplina anitzeko lekua dela, ahalmen handikoa, eta Oxabiko askorentzat, berezia. “Oxabiko asko gernikarrak izanik, guretzako gertuko lekua da frontoia, eta, berezia da bertan jotzea”, onartu dute. Urtean zehar hara eta hona dabiltzan arren, herri txikietako eszenatoki zein handietako plazetan aritzen diren arren, zapatuan, taldeko asko etxean ariko dira, eta berezia izango da eurentzat.
Musikariak ekartzeari dagokionean, antolatzaileek diote eurak beti saiatzen direla emakumeei presentzia ematen, “garrantzitsua baita eurentzat zein musikarentzat orokorrean”. Bestalde, herriko edo eskualdeko talde berriei eszenatokia eskaintzeko ahalegina ere egiten dute; aurten Naz taldekoak ariko dira, baina, iaz, esaterako, Ziraunekoak izan ziren oholtzara igo zirenak. “Talde berria sortu dute Naz taldekoek, eta kontzertu bila zebiltzala ikusita, eurekin harremanetan jarri eta pozik hartu zuten gonbidapena. Beti saiatzen gara inguruko taldeei presentzia ematen”, azaldu dute antolatzaileek.
Eta, aurten, Izaro ekartzea ere erabaki dute. Kontzertu “berezia” izango da euren berbetan, Cerodeenero diskako azkenaurreko emanaldia izango delako zapatukoa. “2025ean agurtuko du bira hori urtarrilean, baina azken kontzertu hori baino lehen udalerrian izango dugu”.
Oxabikoak ere, ohi legez, eszenatokian izango dira, eta Dj Opilak bikotea arduratuko da gaua luzatzeaz. “Jaia plurala izatea bilatzen dugu, saiatzen gara denetarik ekartzen”. Hala, kontrakantxan, aurten ere, Djentzako gunea bertan egongo dela esan dute, eta kontzertu tarteetan musika ere jarriko dutela gehitu.
Jai eredua.
Jai Alai Jaia ez da jaialdi erraldoi bat, frontoia jendez gainezka jartzea bilatzen duena, ez, giro “lasai eta sano” batean musika ikuskizunez gozatzeko tartea dela diote: “Jai Alai Jaian ez da publikoaren aglomerazioa egoten. Ez dugu hori nahi, ez dugu hori bilatzen. Datozenak gustura egotea da asmoa, barran lasai eskatzeko aukera izatea, eta kontzertuez lasai gozatzea. Jendeak kontzertuak ikusten gozatzea nahi dugu”.
Aurreko urteetako erantzunagaz “pozik” daude antolatzaileak, eta aurten ere herritarrak “ondo” erantzuten ari direla diote, sarreren salmentari buruzko balorazio “positiboa” egin dute-eta: “Egunero dabiltza sarrerak erosten, oraindik ez daude denak salduta, baten batzuk falta direlako, baina ondo doa”. Aurten, kuadrilla bonoa izan da berrikuntza, eta ederto ari dela funtzionatzen diote: “Sei sarrerako bat doakoa da, eta oso ondo dabil funtzionatzen. Aurreko urteetan ikusi genuen jendea kuadrillan etortzen zela kontzertura, eta aukera hori eskaini gura izan dugu”.
Hala, prezioa ere egokitu dutela jakinarazi dute, sarrera bakoitza 16 eurotan eskuratu ahal delako, 13 eurotan kuadrilla bonoa erabilita. “Publiko gaztea erakarri gura dugu jaira, izan ere, ikusten dugu gazte asko urruntzen ari direla zuzenekoetatik, eta horiek erakarri gura ditugu”.
Jakinarazi dute, hala, oraindik ere sarrerak eskuragarri daudela, eta egunean bertan ere erosteko aukera egongo dela, betiere sarrera guztiak amaituta ez badaude.