Puntuak eta komak eta Okerbidea taldeak txapeldun, Bertsolari Gazteen XXXII. BBK Sariketan
Janire Arrizabalaga bertsolari gernikarrak Ixone Asategigaz batera osatutako Team Rocket bikoteak finala lehiatu zuen, baina Iruri Altzerrekak eta Peru Irastortzak eurek baino puntu gehiago bildu zituzten.
Bertsolari Gazteen 32. BBK Sariketaren finala jokatu zuten atzo (abenduak 5) Zornotzako Zelaieta Zentroan. Sagutxo kaskarinak 2.0 eta Puntuak eta komak aritu ziren A mailako finalean, eta TeamRocket –talde horretan aritu zen bertsotan Janire Arrizabalaga bertsolari gernikarra– eta Okerbidea taldeak, berriz, B mailan. Hala, puntu guztiak bilduta, Puntuak eta Komak eta Okerbidean taldeak nagusitu ziren.
Ondorengo 10 bertsolari gazteak izan ziren, hain zuzen ere, atzoko protagonistak:
- A mailan
- Sagutxo kaskarinak 2.0: Garazi Ibarretxe, Maddi Aurtenetxe eta Naroa Iturrioz
- Puntuak eta komak: Amaiur Betanzos, Ekhi Zuluaga eta Iradi Barrenetxea
- B mailan:
- TeamRocket: Ixone Asategi eta Janire Arrizabalaga
- Okerbidean: Iruri Altzerreka eta Peru Irastortza
Kantakera onenaren saria ere ematen dute sariketan, eta, aurten, Bittor Altubek eskuratu zuen sari hori.
Oholtzan zein publikoan egon den giro ona nabarmendu dute antolatzaileek. Hala, Ander Aldazabalek aurkeztutako gaiei erantzuten ibili dira bertsolariak, eta Ainhoa Arregik, Beñat Romerok eta Mirari Azulak puntuatu zituzten oholtza gainekoek egindako lanak. Idazkari lanetan, berriz, Ione Narbaiza aritu zen.
Gainera, saioak iraun bitartean, finalista guztien karikaturak egiten ibili zen Unai Gaztelumendi bertsolari eta ilustratzailea, eta egindako lan horiek izan dira bertsolariek jasotako oparietako bat.
Izan ere, aurtengo saria, Unai Iturriaga bertsolari, idazle eta sortzaileak egindako ilustrazioa izan da.
Aldaketaz betetako edizioa izan da aurtengoa, izan ere, taldekako sariketa izaten jarraitzen duen arren, aldaketak egon dira taldekatzeko eran, eta irudia ere aldatu dute, baita bertsolariek egin behar izan dituzten ariketak ere.
Dena amaituta, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak aurtengo sariketan parte hartu duten guztiak zoriondu ditu, bereziki bertsolariak, baina baita gai jartzaileak eta epaileak ere.