Giza eskubideen aldarrikapen unibertsalaren 76. urteurrena gogoratzeko bi hitzordu
Gogoan, por una memoria digna taldeak ekitaldi bi antolatu ditu Gernika-Lumon, Giza Eskubideen Aldarrikapenaren 76. urteurrena gogoratzeko helburuz: Kepa Aulestinaren berbaldia eta 'Gesto' dokumentalaren proiekzioa.
Giza Eskubideen Aldarrikapenaren 76. urteurrena gogoratuko dute abenduaren 10ean, Gernika-Lumon. Eta, horretarako, Gogoan, por una memoria digna elkarteak ekitaldi bi antolatu ditu: Kepa Aulestinaren berbaldia martitzenean (abenduak 10) eta Gesto dokumentalaren proiekzioa eguaztenean (abenduak 11).
Hain zuzen ere, Kepa Aulestiak berak idatzitako Una comunidad decente: carencias y retos de la convivencia en Euskadi liburuan oinarritutako berbaldia eskainiko du 18:30etik 20:00etara bitartean, Elai Alai aretoan. Solasaldian, bizikidetza sakonduko du, eta horretan dauden eskasiak eta erronkak aipatuko ditu, memoria, politika, zoru etikoa, indarkeriaren deslegitimizazioa… aztertuz.
Bestalde, eguaztenean, 19:00etan Elai Alai aretoan hasita, Gestoari buruzko Gesto dokumentala proiektatuko dute, eta, ostean, berbaldia egingo dute Galo Bilbao eta Itziar Aspuru lagun izanda. Jakinarazi dutenez, ekitaldi hori Gernikaldea-Pastoral Barrutiagaz batera antolatu dute, eta sarrera librekoa izango da, edukiera bete arte.
Gogoan, por una memoria digna taldeak esan duenez, Gesto proiektua euren taldeak egindako ekimenik “garrantzitsuena” izan da: “Gizartean gertatutakoaren memoriarako ahalegina da, atzera begira baino geroroa begira dagoen memoria, jendeak ondo ezagutzeko talde bakezale honek egin zuena, bere motibazioa…”.