Unai Martinek irabazi du azaroko Ezetz Jakin saria
Ikasturte honetako lehenengo Ezetz Jakin lehiaketaren irabazlea Unai Martin izan da. Parte hartzaileen saria berriz, Mikel Guarrotxenak lortu du.
Urrian aurkeztu zuten Gernika-Lumoko Berbalagunen ikasturte berria, eta horretan adierazi zutenez, azaroan ekin diote ohiko Ezetz Jakin lehiaketari. Kasu honetan, Unai Martin izan da 2024/25 ikasturteko lehen sariaren irabazlea, eta Berbalagunetik azaldu dutenez, Donapizzaren eskutik jaso du irabazleak saria; hiru pizza handi partekatzeko. Beste alde batetik, parte hartzaile guztien artean zozketatzen den saria Mikel Guarrotxenak jaso du; 20 euroko bonoa izango du herriko establezimenduetan gastatzeko.
“Oso pozik” agertu dira azaroko lehiaketan izandako parte hartze altuarekin. Izan ere, antolatzaileen hitzetan, “133 erantzun” jaso izan dituzte azaroan, eta hori, euskararentzat oso baikorra da. Kalean euskara sustatzea du helburu lehiaketak, eta azaroan, “listoia altu” jarri dute herritarrek. “Online bidezko erantzunek nabarmen gora egin duten bezala, paper bidezkoek ere gora egin dute hilabete honetan”, gaineratu dute, halaber.
Horrela jarraitzea espero dute Berbalagunek. Hori horrela, abenduko lehiaketa ere dagoeneko martxan dagoela jakinarazi dute: “Abenduaren 26rarteko epea egongo da hurrengo hilabeteko lehiaketan parte hartzeko”. Gaiekiko, “betiko gaiak” jorratuko direla nabarmendu dute. Besteak beste, Durangoko Azoka, Berbalagun, Gernikako kaleetatik entzuten diren zenbait akats, eta gaur eguneko hamaikatxo gairen inguruko galderak erantzun beharko dira abenduko Ezetz Jakin saria lortzeko. Aurreratu dutenez, abenduko irabazleak Junira Tabernan afari bat lortuko du, eta beraz, herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte Gernikako Berbalaguneko kideek.