Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal finalaurrekoetan daude
Eñaut Urreistik eta Gorka Sorozabalek Ludovic Ladutxe eta Mikel Mantzisidor 2 eta 1 garaituta lortu dute Eusko Label Winter Seriesen finalaurrekoetarako sailkapena. Hurrengo astelehenean (abenduak 2), Johan Sorozabalek eta Unai Lekerikabeaskoak Thomas Urrutiaren eta Thibault Basqueren aurka jokatuko dute.
Gazteek badute zer esan eta zer erabaki aurtengo Eusko Label Winter Series txapelketan. Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Gorka Sorozabal miarriztarrak nahikoa zuten A multzoari zegokion bosgarren jardunaldian set bat irabazteagaz, orain arteko sendotasunagaz finallaurrekoetara sailkatzeko; edozelan ere, uste baino gehiago korapilotu zitzaien atzoko (azaroak 25) partidua, batik bat, Ludovic Ladutxe getariarrak eta Mikel Mantzisidor mutrikuarrak plazaraturiko aurkaritza sendoagatik.
Urreistik eta Sorozabalek ez ziruditen Xabier Barandika eta Imanol Lopez garaitutako puntista haiek; beharbada orduko norgehiagoka hartan galtzeko ezer barik jokatu zutelako izan zen, eta atzo, ostera, presioak bandoz aldatu zuelako, beren bizkar. Laranjek erruz sufritu zuten kantxan, arerioei markagailuan alde egiten ez uzteko. Ladutxek eta Mantzisidorrek 0 eta 5ekoagaz ekin zioten lehiari, eta gerora etorri ziren 2 eta 7koa, 6 eta 10ekoa (Mantziren horma biko apartarekin), 9 eta 11koa eta, azkenik, 10 eta 15ekoagaz lorturiko set garaipena. Aipagarria izanzen Ladutxek erasoaldietan erakutsitako maisutasuna, beste zenbaitetan baino ausartago; era berean, Mantzisidorrek bikain atzeratu zuen pilota, kantxaren gehiengoa betez eta, bereziki, ia akatsik egin barik.
Bikote laranja egunotan Daniara (Florida) jokatzera joango da eta, horrenbestez, bigarren seta eta partidua galtzea AEBetara etxeko beharrak egin barik joatearen parekoa litzateke beraientzat. Baloia beren teilatuan zegoen; presioa, beren lepotan. Aldaketa nahiatez behar zuten, eta aldaketa nahieran egin zuten. Urreistik errotik aldatu zuen bere jokoa, hutsegite gutxiago eginez eta borrokalariago kantxaratuz. Laranjk 4 eta 1koa, 6 eta 5ekoa nahiz 7 eta 6koa lortu zuten; atsedenaldia 8 eta 6koagaz iritsi ziren, tanto bigatik aurreratuta. 13 eta 11koagaz, sailkapena ia-ia patrikan zutenean, mutrikuar eta miarriztar bikoteak Ladutxeren saskiratzean pilotak botea egin zuela azaldu zuten. Zalantzen Txokora jo zuten pilotariek. Hain zuzen, erakutsi zuen pilotak botea egin zuela, baina zestatik guztiz atera barik: jokaldi ona.
Ondorengo jokaldian, Ladutxe pasarik gabe geratu zen, eta Urreisti txik-txak sartu zen bere sakera: 14 eta 11. Jarraian lorturiko tantoagaz poltsikoratu zuten bigarren seta. Partidua berdinketa haustean erabakiko zen, hortaz. Gainera, set bat irabazita, hurrengo fasetik kanpo geratzeko aukera bakarra litzateke Barandikak eta Lopezek geratzen zaizkien bi ligaxka partiduak set bakarra jaso barik galtzea; ogibide gaitza, inondik inoira. Atzoko hirugarren eta azken set hartan, baina, logika horiek denak ahaztu zituzten, helburu bakarragaz: partidua irabaztea.
Lehen tantoan, Sorozabalek zabaletik egin zuen jokaldia, pilota erdi makurtuta eroanez: 1 eta 0. Bikote urdinak berdintzea eta tanto batengatik aurrea hartzea lortu zuen, berriro bina berdindu orduko. 3 eta 2koaren ondoren, polemika iritsi zen Jai Alai katedralera. Urreisti errebolera sartzeko zegoen, baina Ladutxek jokoa gelditu zuen, jokaldia errepikatu behar zela pentsatuz. Epaileak ez zuen ezer adierazi, eta Ladutxeren zestak Urreistirena ukitu zuela zirudiren. Kantxako epaileek ez zuten hori antzeman; Urreistik ezin izan zuen pilotakada eroan, eta urdinen aldeko tantoa zela bistaratu zuen markagailuak. Urduritasunean igeritan, Zalantzen Txokoak zehaztu zuen jokaldia errepikatu behar zela. Tentsio une haren ondoren, Sorozabalek 4 eta 3koa ziztu bizian lortu zuen, horma biko boteretsu bategaz; Urreistik jarraipena eman zion miarriztarrari, zabaletara 5 eta 3koa lortuz.
Denetarako aukeraz.
Urreisti eta Sorozabal txapelketarik handienaren finalerdietarako txartela besapean dutela joango dira asteon Daniara. Hiru hilabeteko denboraldiak eskarmentuz janzten ditu haiek moduko puntista gazteak, baina bi horiek sasoiaren zati bat galdu egingo dute. Izan ere, gutxienez, Jai Alain beste hiru partidu jokatuko dituzte; finalera sailkatuz gero, lau. Hurrengo astelehenean (abenduak 2), Johan Sorozabal miarriztarraren eta Unai Lekerikabeaskoa genrika-lumotarraren txanda izango da. Aurrez aurre edukiko dituzte Thomas Urrutia donibanegaraztarra eta Thibault Basque bidartarra, B multzoko seigarren jardunaldian.