Musika bizitzeaz gozatzeko nahia
Bermeoko Abesbatzak Andra Mari eliza bete nahi du zapatuan (azaroak 23), `Izan ginelako gara´ leloagaz, taldearen sustraiak gogoratzeko helburupean prestatutako kontzertu baten bidez.
Zapatuan (azaroak 23) Andra Mari eliza musikaz beteko du Bermeoko Abesbatzak: Izan ginelako gara lelopean doaneko kontzertua eskainiko du taldeak, 19:00etan. Abesbatzako lehendakariak azaldu duenez, Bermeoko Abesbatza zer den galderari erantzuten dabiltza denboratxo bat taldeko kideak, eta nolabait horren erantzuna kantu-kantari islatu nahi dute kontzertu honekin.
“Gure historioa, bizitza, taldearen sustraiak erakutsi nahi ditugu jendartean. Hiru puntu horreek oinarritzat hartuta sortu da zapatuko kontzertua”, argitu du. Izan ere, ia 70 urteko ibilbidea du taldeak, 1956. urtean ekin baitzioten abesbatzari, eta gaur egun oraindik jarduten dute. Jakinarazi dutenez, kontzertuaren hasieran beraien ibilbidearen eta funtzionamenduaren berri emango dute: “Gure sorrera diktadura garaian izan zen, eta beraz, hainbat kontrol eta zentsura izaten genituen bai hizkuntzarekin, eta baita abestiekin”. Baina Bermeoko Abesbatzak argi du Andra Mari elizan egingo duten kontzertuaren helburua zein den, eta horretan tinko mantendu dira, gainera; Musika bizitzea, eta musika bizitzeaz gozatzea bilatzen dute, hain zuzen, bermeotar abeslariek. Eta horretarako, publikoa “kontzertuaren parte” izango dela aurreratu dute, “guztien artean gozatzeko”.
Eliza bete nahian. Ez dute aurreikuspen handirik, baina aurrerago egin izan dituzten kontzertuetako datuez baliatuz, “200-300 lagun” espero dituzte elizan. Gauzak horrela, eskualde guztiko herritarrei animatzeko deia zabaldu nahi izan diote Bermeoko Abesbatzatik: “Talde kultural bat gara, eta nondik gatozen, nor garen, eta nora goazen ikusteko aukera aparta da, eskualdeko herritar guztientzako”.