I. Berdintasun Plana ekoizteko lehen urratsak
Udalak galdetegia plazaratu du, herritarren parte hartzea eta ikuspuntua jasotzeko.
Ibarrangeluko Udaletik aditzera eman dutenaren arabera, herrian lehendabiziko Berdintasun Plana ekoizteko prozesua abian ipini dute. Udal ordezkariek nabarmendu dute planaren ekoizpena “emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna” bilatzeko egingo dela eta, horrez gain, hurrengo hilabeteetan garatzea aurreikusten dutela.
Baliatuko duten metodologiari dagokionez, “parte hartzailea” izango dela iragarri dute: “Ezinbestekoa izango da udal beharginekin, politikariekin eta udalerriko denetariko gizarte eragileekin elkarlanean egitea”. Hain zuzen ere, udalak bere programazioan topaketak, elkarrizketak edota galdetegiak egitea espero du, plana sortzeko. Era berean, datuak nahiz estatistikak “berrikusi” egingo dituzte, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintsunaren esparruan dauden “aurrerapenen zein hobetu beharreko gaien” berri edukitze aldera.
Ekoizpen bidearen estreinako fasean herritarrengana joko dute, beraien iritzia ezagutu ahal izateko. Hori dela eta, galdetegi bat plazaratu du udalak, ibarrangelutarrek bete dezaten. Galdetegiaren txostenean, lehenik eta behin, berdintasun planaren nondik norakoak argitu dizkiete. Oinarrizko datuak beteta, herritarrek aukera dute galdetegiaren bidez faltan botatzen dituzten edota indartu egin behar direla uste duten alderdiak azpimarratzeko, baita ekintza zehatzak proposatzeko ere.
Udalak galdetegi hori “betetzera animatzeko” deialdia luzatu gura die herritarrei, ekoizpen prozesuan ekarpen guztiak baliagarriak baitira, eta “esparru horretan herritarrak baitira informazio iturri garrantzitsuak“. Galdetegia udaletxean jaso eta utzi dezakete ibarrangelutarrek, eta udalaren web orrialdean ere eskuragarri dute.