Meritu handiko garaipena
Lointek Gernika Bizkaiak 70-57 irabazi dio Baxi Ferroli emakumezkoen ligako seigarren jardunaldian. Domekan [azaroak 17] 17:00etan jokatuko dute Jairisen aurka.
FIBA Leihoen osteko lehen partidak beti dira arraroak. Jokalariek haien selekzioekin jokatzera joaten dira, batzuk ez dira bueltatzen, batzuek asko jokatzen dute, besteek gutxiago, baina ez dute azkenean haien taldeen elastikoa defendatzen. Lesioak ere ohikoak izaten dira. Lointek Gernika Bizkaiak itzulera bereziki arraroa izan du.
Taylor Mikesell Estatu Batuetako 3×3 selekziorako deialdia jaso zuen, baina behin bere herrialdera heldu zenean jakinarazi zion taldeari ez zuela taldean jarraitu nahi eta kontratu eteteko eskatu zuen. Lucas Fernandez entrenatzaileak “ezusteko etsigarria” eraman zuen taldeak esperantza asko baitzituen eskoltarengan. Hori gutxi ez, eta Itziar Ariztimuño oraindik orkatileko minekin ez dago jokatzeko moduan.
Baxi Ferrol Malostera azken lau partidak irabazita heldu zen. Hala ere, talde galiziarra azken asteetako haien mailatik urrun aritu ziren, Gala Mestres eta Blanca Millan izarrak batez ere. Hauek ere pairatu dituzte geldialdiaren kalteordainak. Hasi eta buka Lointek Gernika Bizkaia nagusi izan zen egueneko [azaroak 14] partidan. Lehen zatian errebotean oso nagusi izan ziren granateak eta markagailuan aurrea hartu zuten denbora guztian 17-16koagaz Ferrolekoak hurbildu baziren ere. Irati Etxarri eta Kendra Cheryren eskutik puntuak aurkitu zituzten, 16 eta 17 puntu hurrenez hurren. Nabarmentzekoa ere, agian estatistikan hainbeste agertzen ez den Marta Alberdi eta Ane Olaeta gernikarren lana.
Atsedenaldiaren ostean, izan zituen talde gernikarrak minutu onenak. Frantziarraren beste hiruko bategaz, hiru sartu zituen, lehen aldiz hamar puntuko aldea zabaldu zuten: 36-26. Gero, Elena Buenavidaren 2+1eko jokaldi baten, epaileek kirolgabetasun falta zehaztu zuten. Jarraian, Lino Lopez kanpoko entrenatzailea kaleratu zuten, hau da, gernikarrek bost tiro libre jaurti zituzten jarraian erabateko zuloa zabalduz. Azken laurdenean talde galiziarrak zonakako defentsa jarri zuen, baina arazoren bategaz edo beste aurrera eramatea lortu zuten.
“Meritu handiko garaipena” lortu dutela aitortu du Fernandezek: “Batez ere Ferroleri bere erritmotik ateratzea lortu dugula nabarmenduko nuke. Errebotean erakutsitako nagusitasuna markagailuan islatzea falta izan zaigu, lehen bi laurdenetan batez ere”. Ane Olaetak ere garaipenari “merezitako balioa” eman nahi izan dio. “Geldialdiaren osteko lehen egunak ez dira errazak izan taldearentzat, baina are eta batuago jokatzeko balio izan digu”.
Lointek Gernika Bizkaiak domekan [azaroak 17] jokatuko du hurrengo partida Jairisen aurka Murtziako Alcantarillan. Hasiera batean 12:00etan jarri bazegoen ere, 17:00etara atzeratu dute partidaren hasiera Murtziako taldeak gaur [azaroak 15] jokatzen baitu Gironan.