Aratusteetako kartel lehiaketara aurkezteko epea, zabaltzear
2025eko aratusteetako kartel lehiaketara izena emateko epea abenduaren 2an hasiko da, eta urtarrilaren 31ra arte tartea egongo da.
Sormena eta herritarren arteko lankidetza sustatu asmoz, Mundakako Udalak aditzera eman du abenduaren 2an zabalduko dutela 2025eko aratusteetako kartel lehiaketara izena emateko eta lanak aurkezteko epea; epe hori, hain zuzen ere, urtarrilaren 31ra bitartekoa izango da. Udal ordezkariek lehiaketaren oinarriak Mundakako Udalaren web orrialdean plazaratu dituzte.
Argitu dutenaren arabera, egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahalko du, norberak hautatutako teknika eta gaia baliatuta. DIN A2 formatuan, euskarri zurrunean eta formatu digitalean arkeztu beharko dira proposamena, Aratusteak Mundaka lelopean. Lanak aurkezteko, herritarrek udaletxeko udal bulegoetara jo beharko dute, 09:00retatik 14:00etara bitarteko ohiko ordutegian. Egileek lanak sinadurarik gabe aurkeztu beharko dituzte, aipatutako leloa idatzirik edukiko duten gutunazalaren barruan; telefono eta NA zenbakiak ere ipini beharko dituzte.
Sariei buruz.
Irabazleek 300 euroko dirusaria poltsikoratuko dutela iragarri dute, eta aurrerago iragarriko dute antolatzaileek saria non eta noiz emango duten. Era berean, kartelek beharrezko maila teknikorik ez dutela aintzatesten baldin bada, lehiaketa saririk banatu barik geratu ahalko litzatekeela azaldu dute. Kasu horretan, udalak beren-beregi hautatutako egile batek prestatuko luke kartela. Kartel irabazlea udalaren eskumenekoa izango da. Epaimahaiari dagokionez, udalak berak aukeratuko du. Saririk jaso ez duten lanak, bestalde, udalean batu ahalko dituzte egileek. Azkenik, herritarrei lehiaketara animatzeko deialdia luzatu diete.