Santa Katalina jaien atariko ohitura
Zapatuko (azaroak 16) Santa Katalinako Mendi Martxak ibilbide bi edukiko ditu, 12 eta 19 kilometrokoak. Amaieran, mokadua edukiko dute parte hartzaileek.
Santa Katalina jaiak ate joka ari dira Mundakan. Urteroko-urteroko ohiturari jarraituz, Gaztezar Mendi Taldeak antolatutako Santa Katalinako Mendi Martxa jaietako ospakizun egitarauaren parte garrantzitsu izango da datorren zapatuan (azaroak 6). Herritarrek egunean bertan izena eman ahalko dute antolatzaileek prestatu dituzten bi ibilbideetarako. Horretarako, ibilbide bakoitzaren irteera ordua baino apur bat lehenago bertaratu beharko dira herriko plazara. Ibilbide luzekoak 09:00retan hasiko dira, 19 kilometroko tartea egiteko; aukera laburra hautatzen dutenek, berriz, 10:00etan edukiko dute irteera ordua, eta 12 kilometro egin beharko dituzte.
Aukera biek Santa Katalina baseliza edukiko dute lehendabiziko geltoki esanguratsu, bien hasieran pasatuko dira bertatik. Jarraian, martxalariak Katillotxu mendiaren gailurrera igoko dira, eta han banatuko dira aukera luzea eta laburra. Laburrekoek zuzenean Mundakarako bideari helduko diote, herrigunera jaitsiz. Luzekoek, ostera, Urkiloben barrena osatuko dute Mundakara itzulera. Behin ibilbideak amaituta, plazan jan-edanaz gozatuko dute parte hartzaileek, antolakuntzak denentzako mokadua antolatuko baitu.
Eguraldia lagun, iazko antzeko kopurua hartzea aurreikusten dute antolatzaileek: “Iaz, aro onagaz, 100 herritar inguru elkartu ginen; aurten ere kopuru horren inguruan ibiltzea espero dugu. Alde horretatik, herritarrei animatzeko deialdia luzatu gura diegu”.