Hiru pertsona atxilotu dituzte Kortezubin, telekomunikazioetako kablea lapurtzeagatik
Ustez enpresetatik eta argiteria elektrikotik lapurtutako kobrezko 1.100 kilo kable inguru berreskuratu dira
Hiru gizonezko atxilotu zituzten domekan (azaroak 10) Kortezubin, telekomunikazioetarako kablea lapurtzeagatik, jabetzaren aurkako ustezko delitu bat egitea leporatuta, eta atzo eroan zituzten epailearen aurrera. Izan ere, ustez Busturialdean lapurtutako kobrezko tona bat kablerekin harrapatu zituzten BI-2238 errepidean jarritako prebentziozko kontrol batean, furgoneta batean zihoazela.
Jakinarazi dutenez, domekan, ertzainek Mercedes Benz fugoneta bat geldiarazi zuten, prebentziozko kontrolean, eta bertan zihoazen bi bidaiariak identifikatu ostean, furgonetako ateak irekitzeko eskatu zietela azaldu dute: “Bi gizonak identifikatzen ari zirenean, patruilak kabinatik ikusi zuen furgonetaren barruan kable elektriko asko zegoela, baita hirugarren pertsona baten hanka ere. Eta, ateak zabaldu zituztenean, barrutik 30 urteko gizon bat irten zen, inguruko delitugile modura ezagun zutena”. Hala, ertzainek furgoneta kable elektrikoz beteta zegoela egiaztatu zuten, baita hiru zizila eta mozteko hainbat erraminta zeudela ere. Hala, 46, 30 eta 24 urteko hiru pertsonak atxilotu ziztuzten jabetzaren aurkako delitu bat lepotatuta.
Azaldu dutenez, furgoneta Gernikako ertzain etxera eroan zuten, eta han atera zuten material guztia: telekomunikazioaetarako kobrezko kablea, lodiera handikoa, eta bi metro luze inguruko zati askotan moztuta zegoena. “Kalkuluen arabera, mila eta ehun kilogramo inguru kable dira konfiskatutakoak”, zehaztu du Ertzaintzak. Eta, gehitu dute material hori “Busturialdeko enpresa eta argiteria elektrikoetatik lapurtutakoa” dela.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, antzeko ekintzak egiteagatik aurrekariak dituzte hirurek: “Horrelako lapurretengatik eta beste batzuengatik aurrekariak dituzten delitugile arriskutsuak dira; izan ere, arma zuriak eroan ohi dituzte eta jarduketa ugari izan dituzte horiek erabiliz egindako eraso edo mehatxuengatik. Gainera, gidariak ez zuen ez asegururik ez IATrik, eta, positibo eman zuen atxilotu ondoren agenteek egindako alkohola eta drogak detektatzeko probetan”.