Gabon txartelen lehiaketa egingo dute Arratzun, laugarrenez
Gabonak hizpide dituzten txartelak diseinatu, eta horiek barikua (azaroak 15) aurretik aurkeztu beharko dituzte arratzuarrek udal liburutegian edo ludotekan.
Gabon txartelen lehiaketa egingo dute aurten, laugarrenez, Arratzun. Hala, Gabonak hizpide dituzten txartelak diseinatu, eta horiek barikua (azaroak 15) aurretik aurkeztu beharko dituzte arratzuarrek udal liburutegian edo ludotekan; 17:30etik 19:30era bitartean jasoko dituzte proposamenak.
Postalak arkatzez, margoz eta errotulkiak erabilita bakarrik sor daitezke, folio erdia lantresna harturik, eta hori horizontalean jarrita. Zehaztu dutenez, postalak esaldiekin ere osa daitezke, eta liburutegian eskuragarri egongo dira horiek egiteko materialak.
Hala, egindako lanak gutunazal itxi baten barruan aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek, eta horren barruan, txartel batean arkatzez egilearen datu pertsonalak jaso beharko dituzte: izena, abizenak, jaiotze-data, helbidea eta telefonoa.
Jasotako ekarpen guztiak Arratzuko jubilatuek eta udalak aztertuko ditu, lau kategoriatan banatuta: A taldean 3 urtetik 6 urtera artekoak egongo dira, B taldean 7 urtetik 12 urtera artekoak, D taldean 13 urtetik 17ra artekoak eta E taldean, berriz, 18 urtetik gorakoak.
Hala, talde bakoitzeko postalik onenak udalak argitaratuko ditu, eta Gabonak zoriontzeko erabiliko ditu, udalerriko etxe guztietara bidaliz. Hala ere, parte hartzaile guztientzako sariren bat egongo dela aurreratu dute.
Sari banaketa ekitaldia azaroaren 29an (barikua) egingo dute udal liburutegian, 19:00etatik aurrera. Eta, horrez gain, abenduaren 3tik 13ra bitartean, jasotako txartelen erakusketa jarriko dute liburutegian; horren ostean, txartelak batu ahalko dituzte egileek.