Bakio sistema Bermeoko Sollubeko harguneekin lotzeko 4,2 milioi euro erabiliko dira
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Batzar Nagusiak 241 milioi euroko aurrekontua onartu du 2025erako, eta horietatik 4,2 milioi euro Bakio sistema Bermeoko Sollubeko harguneekin lotzeko erabiliko ditu, besteak beste.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Batzar Nagusia egin zen azaroaren 4an (astelehena) Bilboko Euskalduna Jauregian. Batzar Nagusi horretan, besteak beste, 2025erako aurrekontua onetsi zen; 241 milioi eurokoa izango da, hau da, 2024ko ekitaldikoa baino 7,8 milioi handiagoa. Aditzera eman dutenez, gainera, diru-sarreren eta gastuen arteko oreka mantenduko da, inongo zorpetzerik gabe. Aipatutako aurrekontuak, erakundeak inoiz izan duen altuena dela kontuan izanik, ustiapen eta mantentze kostuetan edota egin beharreko obretarako materialaren kostuetan izandako igoera handiari erantzutea du helburu. Oro har, lurralde historikoak uraren arloan behar duen inbertsio-erritmoa mantentzeko funtsezkoak dira.
241 milioiko aurrekontutik 38,6 milioi euro horniduraren atalean erabiliko direla jakinarazi dute: 4,2 milioi euro Bakio sistema Bermeoko Sollubeko harguneekin lotzeko, 3,5 milioi Berriatua eta Ondarroako hornidura bateratzeko, eta 2,4 milioi Amorotoko eta Lekeitioko EUTk lotzeko, batik bat. Horrez gain, Next Generation funtsen kargurako hiru jarduketa ageri dira, guztira beste 3 milioi eurokoak: udal-sareak berritzeko obrak, Beteluriko EUTko elektrizitate fotovoltaikoa sortzeko zentrala handitzeko obrak eta Busturialdean eta Lea-Artibain hartutako uraren kalitatea kontrolatzeko sistema bat ezartzeko obrak.
Batzar Nagusiko gai zerrendako beste puntu bat, Udalerrientzako Laguntza Plana ontzat ematea izan zen, hala nola, hornidura-sareak berritzeko. Gauzak horrela, 2025ean 350.000 euro bideratuko dira Abadiño, Barakaldo, Basauri, Berriatua, Bilbo, Durango, Getxo, Portugalete eta Zamudioren artean banatzeko.
Tarifen berrikuspenarekiko, ostera, Europako Uraren Esparru Zuzentarauan jasotako kostuak berreskuratzeko printzipioa betez, datorren urteko hornidura, saneamendu eta arazketa-zerbitzuen tarifak berrikustea erabaki zen. Gaur egun, tarifek kostu osoaren %80 inguru estaltzen dute, eta azaldu dutenez, baliokidetasuna lortzeko urratsak pixkanaka egiten jarraituko du, batez ere, familien, enpresen, industrien eta saltokien ekonomian eragin nabarmenik izan ez dezan. Horrela, 2025erako adostutako igoerak urtean 11 euro inguruko igoera ekarriko du, hiru hilean behin jaulkitako 4 fakturetan banatuta, 2,77 euroko igoera faktura bakoitzeko –0,92 euro hileko, BEZa barne–.
Nolanahi ere, “nahiz eta jakin badakigun beharrizan eta konpromiso ugarik inbertsio handiak eskatzen dituztela, familia bakoitzaren errealitatea kontuan hartzen du Ur Partzuergoak”, gaineratu dute. Hori dela eta, gizarte-bonu elektriko eta termikoaren onuradun diren pertsonentzako hobariei eusten diela azaldu dute, baita DSBE eta BGD jasotzen dituzten pertsonentzako hobariei ere.