Aiton-amonengandik jasotako tradizioz beteko dute 2025eko egutegia
Aiton-amonengandik ikasitako tradizioak erretratatu beharko dituzte muxikarrek, astelehena (azaroak 18) aurretik. Argazki guztiekin, gainera, erakusketa bat egingo dute Zubieta Errotako aretoan.
Martxan dago Muxika, Gorozika eta Ibarruriko argazki lehiaketa, eta aurten, aiton-amonengandik ikasitako tradizioak erretratatu beharko dituzte bizilagunek, astelehena (azaroak 18) aurretik.
Parte hartzaileak bi kategoriatan banatuta parte hartuko dute: 16 urtera artekoak eta 16 urtetik gorakoak. Bakoitzak gehienez sei argazki aurkeztu ahalko ditu, edozein teknika eta koloretan. Horiek JPG formatuan aurkeztu beharko dira, “ahalik eta kalitate handienean”.
Parte hartu gura dutenek Zubieta Errotako liburutegian utzi beharko dituzte argazkiak –USB batean eroanda–, edota liburutegia@muxikakoudala.eus helbide elektronikora bidali beharko dituzte. Argazkiak aurkezterakoan, egilearen izen-abizenak eta harremanetarako datuak adierazi beharko dituzte egileek, baita argazkia noiz eta non ateratakoa den ere.
Sariak.
Argazki lehiaketaren sariak kategorien araberakoak izango dira. Nagusien lehiaketan hiru sari banatuko dituzte: lehiaketako argazki onena, lehiaketako bilduma onena eta muxikarren argazki onena. Irabazleek bi lagunentzako bisita gidatua jasoko dute saritzat, Remenetxe jatetxean.
Gaztetxoen artean, berriz, argazki onenaren sari bakarra banatuko dute, eta irabazleak argazkilaritzako materiala erosteko 100 euroko txartela eskuratuko du.
Jakinarazi dutenez, jasotako argazkiak Muxikako Udalaren eskuetan geratuko dira, udalaren argazki artxiboaren parte izatera pasatuz, eta berak izango ditu eskubide guztiak, betiere egilearen izen-abizenak aipatuz. Izan ere, horiekin osatuko dute datorren urteko egutegia. Argazki guztiekin, gainera, erakusketa bat egingo dute Zubieta Errotako aretoan.