Jai Alai pilotalekua musikaren eszenatoki bihurtuko da hirugarrenez
Abenduak 14an ospatuko da Jai Alai Jaiaren hirugarren edizioa, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Publikoa zutik dela gozatuko dute Izaro, NAZ, Oxabi eta Dj Opilak-en kontzertuez.
Iazko arrakastaren ostean, aurten ere Jai Alai Jaia ospatuko dute, Gernika-Lumon. Abenduaren 14a izango da Jai Alai pilotalekua jendez beteko den eguna. Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gernika-Lumoko Udalaren eta Kirol Patronatuaren laguntzarekin aurkeztu dute gaur [azaroak 12] jaialdiaren hirugarren ekitaldia, pilotalekuan bertan; antolakuntzako kide den Jon Garai, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua, Ziortza Bilbao Gernika-Lumoko Kultura zinegotzia eta Ignacio Santos Kirol Patronatuko zuzendariak aurkeztu zuten jaialdia.
Jai Alai pilotalekua kirolaren katedral soilik ez, musikaren katedral ere izateko “lehenengo jauzia” da jaialdia, eta “inoiz ez bezala”, publikoa zutik egoteko aukera eskaintzen du, pilotarien ohiko joko-eremuan kontzertuez gozatzeko aukera zabalduz. Arrizabalagak aukera paregabetzat jo du jaialdiaren hirugarren ekitaldia: “Jai Alai Jaiak aukera paregabea eskaintzen digu euskara, kultura eta kirola uztartuz, bizkaitarrei kalitatezko kultur eskaintza emateko. Euskal kultura eta euskara zaindu eta sustatzen dituzten sinergiak sortzeko aukera dugu, Danok Pro moduko eragileekin batera”.
Azaldu dutenez, abenduaren 14an, 18:30ean hasiko dute jaia. Izaro da kartelburu, eta lehenengoz igoko da abeslari bizkaitarra Gernika-Lumoko oholtza batera Cerodenero diskoa aurkezten, eta “hutsik egingo ez duen ikuskizun handi bat” eskainiko du mallabiarrak, antolatzaileen hitzetan. Aurretik, baina, NAZ talde gernika-lumotarrak emango dio hasiera jaialdiari, eta beraien lana erakusteko aukera ilusioz hartu dute. Jaialdiaren amaiera, berriz, Oxabi erromeriak emango dio. “Tartean Dj Opilak-eko neskek publikoa girotuko dute, musika desberdina jarriz”.
Sarrerak dagoeneko salgai daude www.entradium.com/events/jaj24 helbidean. 1.500 pertsona sartzea espero dute Danok Pro taldeko kideek. Berezitasunekin dator, gainera, Jai Alai Jaiaren hirugarren ekitaldia. Izan ere, Garaik nabarmendu bezala, Kuadrilla Bonoa sortu dute: “Aurreko urteetan jaialdira etorritako talde gazteak ikusita, kuadrillan etortzea laguntzeko eta sustatzeko, bost sarrera erosita, seigarrena oparituko da”. Gauzak horrela, Alai Jaira joatera animatu dituzte herritarrak.