Stand Up saioagaz abiatu dute Bolatokiko azaroko egitaraua
Bakarrizketa saioak izan zuen erantzunagaz "pozik" geratu dira Natxituko Jai Batzordekoak. Domekan egin behar zuten Haizeder trail martxa azaroaren 23ra atzeratu zuten.
Jokin Ansotegik, Asier Galarzak eta Esti Curielek Stand Up bakarrizketa saioak eskaini zituzten joan den zapatuan (azaroak 9) Natxituko Bolatokian. Saio horrekin abiatu zuen azaroko Bolatokiko egitaraua Natxituko Jai Batzordeak, eta bakarrizketa saioak izan zuen erantzunagaz “pozik” geratu dira.
60 lagunen elkargune izan zen Bolatokia. Bertaratu zirenetako asko –jendearen erdia– Gernika-Lumo edo ingurukoak izan ziren, umoregileen lagun edo ezagunak, eta, gainerakoak, herrikoak. “Arrakasta handia izan zuen ekitaldiak. Gainera, jende kopurua ez ezik, publikoa oso gustura geratu zen bakarrizketek sortutako giroagaz”, azaldu dute antolatzaileek, balorazio “positiboa” egin dutela berretsita.
Domekan, berriz, Haizeder trail martxa egitekoak ziren, baina martxa bertan behera uztea erabaki zuten, “eguraldi txarra tarteko”. Hala, azaroaren 23ra atzeratu dute ekitaldia.

Natxituko Stand Up saioa, Bolatokian.Natxituko Jai Batzordea