'Hartzea ematea DA!' leloa irudiz eta musikaz jantzi du Arrigurik
59. Durangoko Azokaren spota lau haizetara zabaldu dute gaur (azaroak 11). Gidoia Sorland agentziak ondu du, eta Bermeoko Arriguri ekoiztetxeak izan du grabaketaren ardura.
Irakurtzea idaztea da; ikustea, antzeztea; egotea, egitea da; hartzea, ematea da. Hala dio, gaur (azaroak 11) publikatu duten 59. Durangoko Azokaren spotak. Lau haizetara zabaldu duten ikus-entzunezkoaren gidoia Sorland agentziak ondu du, eta Bermeoko Arriguri ekoiztetxeak izan du grabaketaren ardura.
Hala, Hartzea ematea DA! leloa irudiz eta musikaz jantzi du spotak. Izan ere, eslogana indartu gura izan dute sortzaileek. Izan ere, Sorland agentziako kideek diote euskal kulturan irakurle, entzule eta abar izateak duen “garrantzia” idazle, musikari edo antzezle izatearen bestekoa “edo handiagoa” dela. Hori dela eta, gidoia lantzerakoan, horri estetika “eguneratua” eman gura izan diote, aurtengo irudi nagusiagaz batera: estetika bisuala, sonoroa eta zentzumenezkoa.
Irakurtzea idaztea delako, entzutea kantatzea delako, ikustea antzeztea, aditzea pentsatzea, egotea egitea eta Hartzea ematea DA. Leloaren unibertsio hori asko gustatu zitzaien Arrigurikoei, eta hori spotean sartzea erabaki zuten, “mezua bera ere hobeto ulertarazteko asmoz”.
Spotaren istorioari helduta, ideiak hartzetik berriak sortzera doan prozesua kontatu dute: “Liburu bat irakurri, esaldi batek inspiratu, letra bat idatzi, letra hori abesti bihurtu, abesti hori bideo baterako erabili… prozesu hori guztia 20 segundotan esplikatu nahi izan dugu, modu zuzen eta dinamikoan”.
FITXA TEKNIKOA.
Zuzendaritza: Arriguri
Gidoia: Sorland Agentzia
Aktorea: Nerea Sanz
Musika eta Soinua: Asier Renteria
Ekoizpena: Xabier Fernan
Gaffer: Ander Urrosolo
Kolorea: Ruben Casss
Arte Zuzendaritza: Paloma Merino
Kamara laguntzailea: Cesar Fernandez “Xixa”
Ahotsak: XSakara, Paula Goitia eta Nerea Sanz
Extrak: Insa Cisse, Unai Renteria, Ismene Apraiz, Itxasne Luperena, Itxasne Gutiez, Beñat Goitia, Iker Gonzalez, Garazi Atxikallende…
Eskerrak: Pevasa, Zugaza Zinema, Landako Gunea, Toki Alai