Gabonetako postalak aurkezteko unea
Hilaren 26ra arteko epea dago, Mundakako III. postal lehiaketara postalak aurkezteko.
Duela bi urte ipini zuten abian Mundakan Gabonetako postal lehiaketa, eta aurten, Gabon sasoia hurreratzen doan heinean, hirugarren ekitaldiari heltzeko prest daude. Mundakan erroldatuta dauden herritarrei eta herriko eskolan dabiltzan haurrei zuzenduta egingo dute aurtengo aldia ere. Postalak aurkezteko epemuga azaroaren 26a izango da, eta udaletxean, ludotekan nahiz liburutegian aurkez daitezkeela aurreratu dute udal arduradunek.
Parte hartzaile guztiek “saritxoa” jasoko duten arren, bost kategoria egongo dira, eta bakoitzeko garailea sarituko dute. Ondorengoak izango dira aipatutako kategoriak: HH4-HH5, LH1-LH3, LH4-LH6, DBH1-DBH2 eta DBH3-DBH4. Partaide bakoitzak obra bakarra aurkeztu beharko du.
Lehiaketaren jomuga nagusia mundakar herritarrei udalaren aldetik Gabonetako zorion agurra helarazteko postala lortzea izanik, aurkeztutako obrek “neguagaz eta Gabonekin zerikusia” eduki beharko dute. Bestalde, postalak testuren bat edukiz gero, nahitaez euskarazkoa izan beharko dela aurreratu dute. Era berean, obrak originalak izan beharko dira, “eta mezu edo esanahia ere baloratuko da”.
Postalak egiteko, edozein material baliatu ahalko da, betiere 15X15 zentimetroko neurriagaz. Proposamenak gutunazal handi batean sartuta aurkeztu beharko dira, kanpoaldean kategoria zehaztuta. Barrualdean, beste gutunazal txikiago batean, egilearen datuak aurkeztu beharko dira; izen-abizenak, adina, telefono zenbakia eta helbidea ipini beharko dituzte.
Sariei buruzkoak.
Sorkuntza artistikoan adituak diren bost adituk eta udaleko euskara teknikariak osatuko dute epaimahaia. Sail bakoitzeko irabazleak 50 euroko truke txartela jasoko du sari, “euskarazko kultur produktuetan kontsumitzeko”.
Hilaren 1ean, Euskararen Nazioarteko Egunaren egitarauaren barruan, aurkeztuko dituzte irabazleek izen-abizenak. Gainera, postalak liburutegian ikusgai jarriko dituzte, abenduaren 2a eta 23a artean.