Enbeitak irabazi du Busturialdeko Bertsolari Txapelketako lehen saioa, Muruetan
Barikuan Muruetan jokatu zen kanporaketa irabazita, Astran jokatuko den finalean egongo da muxikarra. Ia 60 pertsona bildu ziren bertan, eta bertsolari zein entzuleak "gustura" geratu ziren saioak eskainitakogaz.

Martxan da Busturialdeko Bertsolari Txapelketa. Bariku (azaroak 8) gauean batu ziren bertsolari eta bertsozaleak Muruetako eskola zaharrean, KZ Gune modura erabiltzen denean, eta Onintza Enbeita Maguregik bildu zituen puntu gehien, saioko irabazle, eta ondorioz, azaroaren 30ean Astran jokatuko den finaleko lehen finalista izendatuz.
Sei bertsolarik parte hartu zuten barikuko kanporaketan. Eta, muxikarraren atzetik, bigarren sailkatu zen Aitor Etxebarriazarraga Gabiola bertsolari gernika-lumotarra. Hirugarrena izan zen Janire Arrizabalaga Munduate, eta laugarrena Enare Muniategi Etxabe. Beñat Bilbao Landa sailkatu zen bosgarren, eta Nagore Beitia Telletxea izan zen seigarrena.
Saio “oso ona” izan zen Lilibertsoko antolatzaileen berbetan, aretoa bete-bete egin zuena. Izan ere, ia 60 pertsona bildu ziren bertan. Afaria herriko tabernak prestatu zuen, eta zaharren elkartea arduratu zen zerbitzatzeaz. Afaldu ostean egin zuten “arina” izan zen ordubete inguruko saioa.
Idoia Anzorandia gai jartzaileari erantzunez, denetariko gaiak jorratu zituzten bertsolariek. Izan ere, Bizkaiko txapelketara bideratutako lehiaketa denez, gai jartzaile taldea saiatzen da aktualitateko gaiak proposatzen. Hala, besteren artean, Muruetako Astilleroa izan zuten hizpide, baita Urdaibai Bird Centerreko txorientzako janlekuetako bat ere. “Bakarkakoan objektuak proposatzen dituzte gai jartzaileek bakarkakoetarako, eta objektuetako bat janleku hori izan zen. Beraz, saiatzen dira egungo gaiak gurera ekartzen”, azaldu dute antolatzaileek.
Horiek diotenez, “oso ondo” ibili ziren bertsolariak, saioko uneren batean edo bestean denek utzi baitzituzten erantzun edo puntu politak, “jendea gustura” geratuz. “Bertsolariak ere gustura atera ziren, saio beroa izan zelako eta ondo abestu zutelako”, gehitu dute. Horietako batzuk egindakoagaz lasai geratu ziren, baina beste batzuk finalerako txartela lortzen duten jakiteko itxaron beharko dute.
Saioa, beraz, bertsozale eta bertsolarien arteko topagunea izan zen, bertsolarientzako “ahalik eta gunerik erosoena” sortzea baita Lilibertsokoen helburua: “Gustora egoteko leku bat eskaini gura dugu”.
Hurrengoa Belendizen.
Lehenengo saioaren ostean, bigarrenaren txanda ailegatuko da barikuan (azaroak 15). Belendizko txokoan ariko dira bertsolariak, 21:00etatik aurrera, finalerako txartela nork lortuko lehian. Hain zuzen ere, Iker Uriarte Urrutia, Julen Ibarguengoitia Ordorika, Koldo Gezuraga Seijido, Lurdes Ondaro Mallea, Mikel Retolaza Etxebarria eta Xabier Enbeita Ibarra izango dira bertsotan ariko direnak.
Belendizeko tiketen salmenta joan den astekoa baino “geldoago” doa, baina jendea badabil interesa erakusten, eta aste amaierara bitartean jendea joango da animatzen.