Elkartasuna biderkatzeko deia egin du Errigorak
Errigorako komunitatea Ablitasen bildu zen zapatuan (azaroak 9) urteroko auzolan erraldoian, eta 'Euskarari Puzka' kanpainaren azken egunetan –eguenera arte egin daitezke eskaerak– elkartasuna biderkatzeko deia zabaldu zuen.
Errigorako komunitatea (sarekideak, ekoizleak, Agerreko euskalzaleak, euskaltegietako irakasle zein ikasleak…) Ablitasen bildu zen zapatuan (azaroak 9), urteroko auzolan erraldoian, Euskarari Puzka kanpaina amaitzeko bost egun besterik geratzen ez zirenean.
Eta bertan bildutako 200 lagunek Euskal Herri osora mezu argia bidali zuten: elkartasuna biderkatzekoa. Horretarako, saskiak eskatzeko deia luzatu zieten euskalzale guztiei. Izan ere, eguenera arte (azaroak 14) egin daitezke eskariak Errigora.eus atarian. Bertan, saski gorri, berde eta beltza eska daitezke, baita horiekin batera Agertuz karta jokoa ere.
Auzolan erraldoian saski ekologikoen 4.000 ale prestatu zituzten denen artean, goiz osoko lan giroan. Eta, horrez gain, azolanean zonaldeko errealitatea ezagutzeko aukera ere izan zuten: “Erriberako AEK, Lodosa Ikastolako eta Agerraldiko kideak izan ditugu auzolanean horretarako”.