Bueltan dira San Martin auzoko jaiak
20 urteren ondoren, San Martin auzoko jaiak berreskuratu dituzte. Auzokideek, "herritar guztientzako" egitarau borobila prestatu dute astebururako (azaroak 15, 16 eta 17).
Bermeoko San Martin auzoko jaiak berreskuratzeko lanaren isla izango dira asteburu honetan (azaroak 15etik 17ra) auzoan ospatuko diren jaiak. Izan ere, San Martin auzoko jaiak bueltan dira Bermeon 20 urte eta gero. Horretarako, denetariko egitaraua prestatu du San Martin Auzoko Elkarte Soziokulturala Bermeok (SMB), Bermeoko Udalarem laguntzarekin batera. Gaur goizean aurkeztu dituzte berreskuratutako jaiak, eta horretarako prestatutako egitaraua.
Ekimen hau berreskuratzearen zergatia azaldu du Aitor Zulueta SMB elkarteko kideak: “Denbora asko generaman, San Martin jaiak gogoratzen. Duela urteetako San Martin jaietan kontzertuak zeudela gogoratzen genuen, giro izugarria zegoela, San Marton lasterketa egiten zen…Gainera, kanpotik ikusten zen auzoko pertsonak oso elkartuta zeudela. Nostalgia ematen zigun beste auzo batzuetan jaiak mantentzen jarraitzea, eta gurean, hobeto kokatuta egonda, jairik ez egotea”. Gauzak horrela, “publiko guztientzako” jaiak prestatu dituzte aurten, 20 urteren ondoren berreskuratu berri dituzten jaietan. Antolatzaileen helburuak asko baitziren ere, bat eman dute argiki aditzera, gaur, auzoan: Jaia auzo guztira zabaltzea. Hala, gune nagusia San Martin kalean egongo bada ere (umeentzako parkea eta kalistenia gune ingurua), auzo guztira zabaldu dituzte prestatutako ekintzak, gune desberdinak erabiliz.
Hamaika ekintza prestatu dituzte, gainera, astebururako: “Musika aldetik, publiko guztientzako kontzertuak antolatu ditugu. Gainera, umeei garrantzia handia eman gura izan diegu, mozorro edo jokoekin. Baita kirolari ere; esaterako, hain ezaguna zen San Marton lasterketa berreskuratu dugu, eta eskubaloiak ere berebiziko garrantzia izango du. Denetarik landu dugu, herritar guztiek ondo pasatzeko aukera izan dezaten”. Auzoan bizi diren pertsonen arteko elkar ezagutza sustatzea eta bultzatzea zuten jomuga, besteak beste, SMB elkartekideek, eta nahiz eta “auzoa hazi” egin den, kohesio falta gaineratu du Zuluetak. Aditzera eman dutenez, 2023. urtearen amaieran hasi ziren San Martin auzoko jaien prestakuntzarekin, eta era berean, San Martin Auzoko Elkarte Soziokulturala Bermeo-ren (SMB) sorkuntzarekin. “Oso lan gogorra” izan dela berretsi dute elkartekideek, baina oztopo guztiak “ilusio handiz” gainditu dituztela azpimarratu dute.
Kotxerik gabe, hobe.
Argi azpimarratu du Zuluetak elkartearen iritzia, eta Endika Etxebarria Telleria Kultura zinegotziak ere auzora oinez etortzearen ideia berretsi du, kotxerik gabeko kontsumoa bermatuz: “Mesedez, ahal izatekotan, oinez etorri. Auzoa ez dago urrun herritik, eta hemen gaudenok asko eskertuko genuke kotxerik gabe etortzea”. Gainera, finantziazio kontuetarako, “denda eta komertzio txikien laguntzaz” baliatu direla gaineratu du. Gauzak horrela, Kultura zinegotzia “oso pozik” agertu da hainbeste urteren ostean San Martin jaiak berreskuratu dituztelako: “Plazer bat da San Martin auzoko jaiak bueltan izatea, eta gaur, San Martin egunean bertan, jai horiek aurkezten egotea. Hemen ikusi da, auzolanarekin era inplikazioarekin posible dela gauza politak egitea”.
Etengabeko lanarengatik eskerrak eman dizkie Etxebarriak, San Martin auzoko jaiak berreskuratzea lortzea ahalbidetu duten, eta bide batez, “egitarau potoloa” prestatzeagatik lan egin duten guztiei. Kultura zinegotziak, gainera, herritarrak gonbidatu ditu asteburuan auzora hurbiltzera, eta San Martin jaietan parte hartzera.
EGITARAUA:
Barikua, azaroak 15.
17:30. Txokolatada bizkotxoekin, txosnan.
17:00-18:00. Mozorro lehiaketan izena eman, txosnan. Gaia: San Martin.
Ondoren. Kalejira auzoko tabernetatik.
19:00. Txupinazoa, txosnan.
Ondoren. Asier Romerok auzoko historiari buruzko hitzaldia emango du.
19:15. Mozorro lehiaketaren sari banaketa, txosnan.
19:30-21:00. Saltsa dantza ekitaldia, Dantzaz Blai taldearen eskutik. Txosnan hasi eta auzoko tabernetatik.
20:00. Kanta Kanta Lorue.
21:30-00:30. Argitu erromeria, txosnan.
Ondoren. Dj Musika saioa, txosnan.
Zapatua, azaroak 16.
10:00. San Marton lasterketarako dortsalen salmenta txosnan. Goiz guztian taloa eta txorizoa txosnan.
11:00. San Marton lasterketa solidarioa, Eutsi Gogor Danok Batera elkartearen alde.
12:00-14:00. Umeentzako joko eta tailerrak hiru gunetan.
13:00. Arrekatxutxagaz triki-poteoa.
17:00. Umeen dantza erakustaldia eta disko dantza saioa Rossen eskutik.
20:30-22:00. The Uski´s taldearen kontzertua, txosnan.
22:30-00:30. Radio Guerrilla taldearen kontzertua, txosnan.
Ondoren. Dj Jaikide, txosnan.
Domeka, azaroak 17.
10:00. Auzo osotik, bigarren eskuko azoka.
10:00-13:00. Eskubaloia kalean, Zubiaur Tar Kepa kaleko plazan.
12:00-13:00. Fitness ekitaldia Yoli Babioren eskutik, txosnan.
13:00. Zozketak eta sari banaketak, txosnan.
13:30-14:30. Umeen danborrada Gaztelugatxe Danborrada Taldearen eskutik, txosnan hasita.
Ondoren. Jaien amaiera.