Auzo batzarrak deitu ditu Eako Udalak
Barikutik domekara bitartean, Bedaronan, Ean eta Natxituan auzo batzarrak egingo ditu Eako Udalak, egindakoak azaltzeko eta aurrekontuei buruzko ekarpenak jasotzeko.
Eako Udalak auzo batzarrak egingo ditu barikutik domekara bitartean, bana Bedaronan, Ean eta Natxituan. Hain zuzen ere, saio horiek aprobetxatuko dituzte udal ordezkariek urte honetan egindakoei buruzko kontuak emateko, eta herritarrengandik jasotako kezka eta eskaeren egoera azaltzeko. Horrez gain, datorren urteko aurrekontuak osatzeko herritarren ekarpenak jasoko dituzte.
“Garden jokatzeko” eta herritarrei udal jardunari buruzko informazioa helarazteko konpromisoa dauka udalak, eta, era berean, lana “ganoraz” egiteko herritarren kezkak eta beharrak ezagutu beharra “ezinbestekotzat” jotzen du. Hala, horretarako tresna “garrantzitsuenetakoak” auzo batzarrak direla sinistuta, urtean bi deialdi egiten ditu. “Urtean bi deialdi egiteko ohitura errotu nahian, azaroan tokatzen da berriro batzea, uda aurrekontuak osatzeko testuinguruan”, azaldu dute.
Ondorioz, batzarretan, batetik, urte honetan egindakoen kontuak emango dituzte, eta, bestetik, 2025eko aurrekontuak onartu behar direla eta, herritarren ekarpenak jasotzeko tartea zabaldu gura dute.
Hala, barikuan (azaroak 15), 18:00etan, Natxituko Bolatokian elkartuko dira, eta zapatuan (azaroak 16), 13:00etan, Eskolondo izango da batzartzeko gunea. Bedaronara domekan joango dira; 12:30ean txokoan jarri dute hitzordua.