Nagusientzako musika tailerrak martxan daude
Gernika-Lumoko Segundo Olaeta musika eskolak, trikitixa, akordeoia eta ukelelea jotzen ikasteko interesa duten nagusientzako tailerrak antolatu ditu azaroan zehar.
Segundo Olaeta musika eskolak nagusientzako musika tailerrak antolatu ditu, batez ere, instrumenturen bat jotzen ikasteko interesa duten nagusiei zuzenduta. Jakinarazi dutenez, programak nibel guztiak hartuko ditu, gainera; hastapen nibela barne. Beraz, musikari buruzko aurretiazko jakintzarik izan ez arren, Segundo Olaetak antolatutako musika tailerretan parte hartzeko aukera izango da.
Trikitixa, akordeoia eta ukelelea dira programaren barruan dauden instrumentuak, eta beraz, horiekiko klaseak emango dituzte. “Talde txikietan” emango dituzte klaseak, “ikuspegi praktiko batetik” begiratuz, eta harreta pertsonalizatua bermatuz. Kalseak azaro guztian zehar izango direla adierazi dute: “Txikitixa, eguaztenetan izango da, 19:00tik 19:45era. Akordeoia, berriz, eguenetan, ordutegi berdinean. Ukelelea, azkenik, barikuetan 19:45etik 20:30era izango da”. Gainera, bakoitzaren izen ematearen prezioak ere zehaztu dituzte; 25 euro balio dute hiru ikastaroek.
Horrez gain, seme-alabak musika eskolan dituzten gurasoek “tratu berezia” jasoko dutela ere gaineratu dute, eta Segundo Olaetatik animatzeko deia zabaldu dute: “Azken finean, musikaren munduan murgiltzeko eta instrumentu bat giro eroso eta lagunkoi batean jotzearen plazera deskubritzeko aukera paregabea da”. Horrela, informazio gehiago jasotzeko 94 627 02 14 telefonora deitzeko edo idazkaritza@segundoolaeta.net helbidera idazteko adierazi dute, musika eskolara bertara hurbiltzeaz gain.