Moda biodegradagarri eta birsortzailea BBK Klimako pasarelara ailegatuko da
'Where Fashion Meets Nature' moda desfilea egingo dute zapatuan (urriak 26), Busturiko BBK Kliman. Hala, desfileagaz, moda berritzailea eta jasangarria egin daitekeela erakutsiko dute diseinatzaileek.
Moda biodegradagarri eta birsortzailearen desfileagaz itxiko du BBK Klimak aurtengo denboraldia, zapatuan (urriak 26): Where Fashion Meets Nature. Fashion Revolution Euskadiren eskutik ailegatuko da ekimena Busturiara, ingurumen kontzientziaziorako eta jasangarritasunerako lekua den instalazioetara. Hala, bertaratzen direnek BBK Klima Abentura esperientzia parkeko baliabide interaktiboak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.
“Ekitaldi honek amaiera bikaina emango dio jasangarritasunaren, ingurumenarekiko errespetuaren eta krisi klimatikoari aurre egiteko premiaren garrantziaz ehunka pertsona sentsibilizatzea lortu duen edizioari”, esan dute antolatzaileek.
Hala, jaiaren erakargarritasun nagusia moda jasangarriaren desfilea izango da, eta bertan erakutsiko diren bildumak material biodegradagarriagaz, ehun organikoekin eta diseinu birsortzaileko teknikekin egindakoak izango dira; hau da, ekosistemak leheneratzen eta biodibertsitatea sustatzen dituzten prozesuekin egindakoak. Izan ere, desfilearen helburua da moda berritzailea egin daitekeela erakustea, besteak beste artilea, ihia, laranja azala, kombucga, sagar azala, anana azala, kortxia edota bioplastikoak bezalako materialak erabilita.
Desfilean bertoko, Balearretako, Madrileko, Galiziako eta Bartzelonako diseinatzaileek parte hartuko dute, eta, sormena erakusteaz gain, iraunkortasunaren balioekin eta naturarekiko errespetuagaz bat egiten dute.
Ateak zabalik.
Desfileaz gain, denboraldiari amaiera borobila emateko asmoz, antolatzaileek BBK Klima Abenturaren instalazioak bisitatzeko aukera eskainiko dute, hau da, jasangarritasunari eta ingurumenaren babesari eskainitako gunean murgiltzeko aukera. “Horrela, BBK-k ingurumen kausarekiko konpromisoa indartzen du, eta etorkizun iraunkorrago bat lortzen laguntzen du, AsteKlimarako programatutako ekitaldiekin bat eginez”, diote arduradunek.
Esperientzia parke hori proposamen “integral berritzailea” da, eta hezkuntza, gozamena eta ingurumen kontzientziazioa uztartzen ditu, Urdaibai biosferako ingurune natural paregabean. Sarrera doakoa izango da, BBK Klima webguneraren bidez, ASTEKLIMA 2024 promozio kodeagaz.