Eskualdeko hautetsiak, museo proiektuaren kontra elkartuta
Busturialdeko EH Bildu, Guzan, Armendu eta Murueta Independente Taldeko ordezkariak Muruetan elkartu dira gaur [urriak 15], Guggenheim Urdaibai makroproiektuaren kontra. Herritarrei asteburuan Gernika-Lumon egingo diren mobilizazioetan parte hartzkeo deialdia luzatu diete.
Guggenheim Urdaibai Stop herritar plataformak deitutako museo makroproiektuaren kontrako manifestazio jendetsua zapatu honetan egingo duten arren, luzea da jadanik plataformagaz bat egin duten pertsonen zerrenda. Hainbat eta hainbat dira, hain zuzen, ekimenaren kontrako hautua agertu gura izan dutenak. Gaur [urriak 15], hain zuzen ere, Busturialdeko EH Bilduko, Guzaneko, Armenduko eta Murueta Independente Taldeko (MIT) udal hautetsiak Muruetako teileriaren aldamenean elkartu dira, Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotz-bihotzean, makroproiektuagaz “ez dutela inondik inora bat egiten” aldarrikatzeko.
Eskualdean Guggenheim museoaren proiektua ezartzeko asmoa “aspaldikoa” izan arren, aipatutako alderdi politikoen ordezkariek “harriduraz” hartu dute hainbat urteren ostean Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egitasmoari berrekitea, “Busturialdeak badituelako eskualde mailako beharrizan eta premia oso sakonak, eta makroproiektu horrek ez baitie inongo irtenbiderik ekarriko behar horiei guztiei”.
“Turistifikazio masiboaren eta eredu ekonomiko tertziarizatuaren aldeko apustu horrek ez dio onurarik ekarriko ekosistemari, ezta tokiko beharrizan sozioekonomikoei ere”
Agerraldian, alderdietako hautetsiek argi eta garbi azpimarratu dute proiektua arrotz suertatzen zaiela “bai forma aldetik, bai muinari dagokionez”. Alde batetik, ingurune babestu batean tankera horretako proiektu bat eraikitzea “edozein Biosfera Erreserbaren helburu nagusien kontra” doala azaldu dute: “Turistifikazio masiboaren eta eredu ekonomiko tertziarizatuaren aldeko apustu horrek ez dio onurarik ekarriko ekosistemari, ezta tokiko beharrizan sozioekonomikoei ere”. Gobernantza ereduari buruz ere mintzatu dira ordezkari politikoak: “Ez da onargarria bere etorkizuna guztiz baldintzatuko duen proiektu bat erabateko inposizioz ezartzea, tokiko herritarren parte hartze aktiboagaz kontatu barik; Busturialdearen etorkizuna Busturialdean bertan erabaki beharra dago”.
Entzutea ez da nahikoa.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak “herritarrei entzuteko borondatea” agertu dute berriki, eta begi onez dakusate hori: “Entzuteko prestutasuna ezinbestekoa da, baina entzuteak soilik ez du balio; hitz egiten duenari kontuan hartuko zaion ziurtasuna eman behar zaio. Ez da onargarria batetik herritarrak entzungo dituztela eta bestetik proiektua bai ala bai egingo dutela esatea”.
Hautetsiek azpimarratu zuten eskualdeak behar duen alternatiba ezin dela etorri “mega-proiektu kontretu bat” proposatzetik: “Erroko aldaketak behar dira, egiturazkoak eta sakonak izango direnak, eta aspalditik gabiltza Busturialdeak beharrezko duen hausnarketa eta elkarrizketa etapa bat aldarrikatzen, eskualdeagaz batera hartuko diren neurriak zehazteko”.
“Inork ez du makroproiektua bere horretan ezagutzen, baina, edozelan ere, EAJk kosta ala kosta aurera eroan gura duela dirudi”
Hori bai, azpimarratu dute hausnartze fase hori ez litzatekeela izan beharko Guggenheim Urdaibai makroproiektuaren “nolakotasunez” galdetzeko, «eskualdearen beharrizanei helduko dien prozesu zabal eta parte hartzaile bat” abian ipintzeko baino: “Horretarako garaiz gaude oraindik. Berriro diogu Guggenheim Urdaibai egitasmoak gaur-gaurkoz ez duela inongo proiektu ekonomikorik, kulturalik edota ingurugiroari dagokionik; inork ez du makroproiektua bere horretan ezagutzen baina, edozelan ere, EAJk kosta ala kosta aurrera eroan gura duela dirudi”.
“Ahotsa altxatzeko” deia.
Herritarren beharrak entzuteko eta haiei erabakitzeko eskumena emateko “garaia dela” ozen aldarri egiteagaz batera, Busturialdeak “gehiago merezi duela” adierazi zuten Muruetako teileriatik. Hori horrela, eskualdeko herritar guztiei “beraien ahotsa altxatzera” dei egin zieten alderdietako ordezkariek: “Datorren zapatuan Gernika-Lumon deitutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritarrak, geure eskualdeak merezi duelako”.