Atef Abu Saif Palestinako kultura ministro ohiari harrera egin dio Bermeoko Udalak
Idazle, politologo eta Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohiari harrera egin dio Bermeoko Udalbatzak, gaur, udaletxean. Arratsaldean, Nestor Basterretxea aretoan izango da, bere liburua aurkezten.
Bermeoko Udalbatzak Atef Abu Saif palestinarra hartu du gaur, udaletxean. Berari zein herri palestinarrari ikusgarritasuna eta elkartasuna emateko asmoz, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak argi utzi du Bermeo Palestinarekin dagoela, eta idazlea aukeztu bitartean, bere sustraiak ere oroitu ditu: “Bermeoko Udaletik herria Palestinarekin dagoela erakusten jarduten dugu, eta jardungo dugu gure borrokak iraun bitartean. Gure diot, ni neu ere palestinarra naizelako. Borroka mota askoren artean hitzezkoa ere badelako jasaten ari garena eta horregaitik daude hainbat palestinar esanguratsu kultura arloan, besteak beste. Atef Abu Saif da horren erakusgarri argia”.
Gazako zerrendan harrapatuta eman zituen 85 egunetan bizitakoak eguneroko batean bildu zituen Atef Abu Saif idazle, politologo eta Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohiak. Zisjordanian bizi da Abu Saif, baina Israelen erasoa hasi zenean, Gazako zerrendan zegoen, familia bisitatzen. 85 egun egin zituen bertan, abenduaren 29an Rafahko bidegurutzea zeharkatu, Egiptora sartu eta ihes egitea lortu zuen arte. Idatzitako bizipenak ‘Don’t Look Left. A Diary of Genocide’ liburuan bildu ditu, eta gaur, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan aurkeztuko du, hitzaldia ematearekin batera. Hori jomuga izanik egin diote harrera udaletxean. Bestalde, bazkalostean, Gernika-Lumon izango da Saif, 16:00etan hasiko duten Memoria Ibilbidea egiteko.
“Gaur egun, jada 40.000 biktima daude palestinar herrian, eta Atef Abu Saifek gaur arratsaldean aurkeztuko duen liburuak biktima horiei guztiei aurpegi eta ahotsa jarriko dio”, nabarmendu du Nemehk. Era berean herritarrak animatzeko deia zabaldu du, gaur arratsaldean, 19:00etan Nestor Basterretxea aretora hurbiltzeko, eta “hain interesgarri eta garrantzitsua” izango den hitzaldia entzuteko. Berria egunkariari ere eskertu dio alkateak, liburu hau hainbat hizkuntzetan itzuli ostean euskaratzeagatik, eta “horrelako istorioei Euskal Herrian tokia emateagatik”.
Oroigarritzat, Bermeoko zapi bat oparitu dio Udalbatzak Atef Abu Saif-eri, eta Gernikako Palestina elkarteak ere beste horrenbeste egin du, beste zapi bat oparituz. Idazle, politologo eta Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohia Bermeo herriari eta alkateari “oso eskertuta” agertu da, eta Berria egunkariari esker oneko hitzak zuzentzen bukatu du.