95 lagun bilduko ditu Arratzun berreskuratutako herri martxak
Arratzutik Muruetarainoko pausoak emango dituzte arratzuarrek bihar, herri martxan.
Badira ia hiru hamarkada Arratzuko azken martxa herritarra antolatu zutenetik, Arrola, Oiz, Sollube… mendiak zeharkatuz, eta Trabakun edo Bermeoko Cannon jatetxean bazkaltzera geldituz. Belaunaldi ezberdinetako lagun zein ezagunen topaleku izaten zen herritarren arteko martxa hori, eta, orain, Goikuri Nagusien Elkarteak Egigun kultur taldeari martxa berreskuratzeko erronka proposatu dio, hitzordu polita bezain entretenigarria dela iritzita.
Proposamena jasotzerakoan, erronka onartu eta horri heldu zioten Egigunekoek. Izan ere, Arratzuko Egigun taldekoen asmoa beti izan da herriko kultur eskaintza eta aisialdirako planak bultzatzea, herria bizitzeko eta belaunaldi desberdinetako jendea batzeko helburuz. Hala, ekimen honek bi helburu horiek sustatzen dituztela iritzita, erronkari eustea erabaki zuten.
Hala, haur, gazte, heldu eta nagusik elkarregaz egun pasa egiteko hitzordua jarri zuten, eta 95 pertsonak izena eman dute horretan parte hartzeko. Ondorioz, antolatzaileak erantzunagaz “pozik” daude. “Erantzun ona izan du deialdiak. Gainera, nagusi nahikok izena eman dutela azpimarratuko nuke, baita ume askok ere. Belaunaldi arteko ekimena izatea nahi genuen, eta lortu da. Berreskuratu dugu herri martxa eta pozik gaude”, gehitu dute antolatzaileek.
Bi bide
Horiek horrela, aldaparik bariko 12 kilometroko bidea osatuko dute martxalariek, 10:00etan Loiolan hasi, Barrutitik igaro eta Foruko plazara ailegatuz; bertan, hamaiketakoa egingo dute, eta horretarako, bakoitzak etxetik eroan beharko du mokadua. Handik Muruetako teileriraino joango dira, azkenik, Kamiñokora ailegatzeko.
Hala ere, bi modu egongo dira Kamiñokora ailegatzeko: lehenengoa, Loiolatik abiatuko den martxa eginda, eta, bigarrena, autobusez joanda. Jakinarazi dute, gainera, bueltarako ere autobusa egongo dela, Kamiñokotik Arratzura bueltatzeko.