Zortzigarrenez, nazioarteko putxera lehiaketak hartuko du Morga
Morgako VIII. Nazioarteko Putxera Lehiaketa egingo dute, eta parte hartzeko asmoa daukatenek, 09:00etatik 11:00etara bitartean izena eman beharko dute.
Indaba usaina nagusi izango da Morgan, zapatu honetan (urriak 5). Morgako VIII. Nazioarteko Putxera Lehiaketa egingo dute, eta parte hartzeko asmoa daukatenek, 09:00etatik 11:00etara bitartean izena eman beharko dute, putxera bakoitzeko bost euro ordainduta.
Jakinarazi dutenez, plater guztiak jendaurrean prestatu beharko dira, sutean ikatza zein egurra erabilita. Eta, gaineratu dute parte hartzaileek Gernikako indaba edo Tolosako indaba gorria edo beltza erabili beharko dutela. Horiez gain, parte hartzaileek erabili beharreko osagaiak ere egongo dira: txorizoa, odolostea eta urdia.
Putxerak 12:30etik 13:30era bitartean aurkeztu beharko dituzte plazan, eta bost sari banatuko dituzte. Irabazlearentzat, txapela, pernil iberikoa, txakoli lotea eta 200 euroko saria egongo da.
Putxerak jateko tartea hartu ostean, berriz, gorputzak dantzan jarriko dituzte morgarrek. Izan ere, 18:00etan kalejira egingo dute EinGo taldeak alaituta.
Pataterrixe Kultur Elkarteak antolatzen du lehiaketa, udala eta beste hainbat babesleren laguntzagaz, eta jakinarazi dute giroa alaia nagusituko dela herrian.
Sariak:
1. saria: Txapela + pernil iberikoa + txakolin sorta + 200 euro.
2. saria: Paleta iberikoa + txakolina sorta + 150 euro.
3. saria: Lote iberikoa + txakolin sorta + 100 euro.
4. saria: Gazta + txakolin sorta + 75 euro.
5. saria: Gazta + txakolin sorta + 50 euro.
6tik 10era: Txakolina + 20 euro.