Arteagarrek belaunaldien arteko mendi martxa egingo dute
Gautegiz Arteagako Helduen Elkarteak 8. Belaunaldien arteko martxa herrikoa antolatu du zapaturako (urriak 5). Parte hartzeko Aretxederreta Kultur Etxean izena eman behar da.
Zahartze aktiboa eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko helburuari jarraituta, Gautegiz Arteagako Helduen Elkarteak 8. Belaunaldien arteko martxa herrikoa antolatu du udalerrian. Martxa hori egiteko zapatuan (urriak 5) 11:00etan bilduko dira parte hartzaileak herriko plazan; izan ere, han hasi eta amaituko dute ibilaldia.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gautegiz Arteagako Udalaren babesean antolatutako ekimena da, eta, aurreko urteetan egin legez, oraingo honetan ere, aitite-amumen eta haien seme-alaben zein iloben parte hartzea bultzatu gura dute. Hala, guztiei zapatuko hitzorduan egoteko deia egin diete: “Anima zaitez eta etorri zure seme-alaba eta ilobekin”.
Parte hartzaile guztiei egokitutako martxa egiteko asmoz, bi ibilbide prestatu dituzte arduradunek, eta horien artean aukera ahal izango dute parte hartzaileek. Alde batetik, 5 kilometroko ibilbide laburra egiteko aukera egongo da; bestetik, 11 kilometroko ibilbide luzeagoa egitekoa. Jakinarazi dute amaieran parte hartzaile guztientzako hamaiketakoa egongo dela Artea Tabernan.
Zehaztu dutenez, parte hartzeko Aretxederreta Kultur Etxean izena eman behar da. Umeen izen ematea doakoa izango da, eta nagusiek, bi euro ordaindu beharko dute.