Belendizko elkargunearen 25. urteurrena "giro apartean" ospatu dute
Belendizko txokoaren 25. urteurrena "giro apartean" ospatu zuten bizilagunek zapatuan. Udax Magunazelaiak Uarka auzoko 196 kiloko 'totxoa' lau aldiz altxatu eta errekorra ezarri zuen.
25 urtez belendiztarren elkargune, aterpe eta epizentro izan den txokoaren urteurrena “giro apartean” ospatu zuten bizilagunek zapatuan. Eguraldi txarrari aurre eginda, egun osoko jarduerak izan zituzten aukeran: “Aterpean sartu ginen, baina giro ederra egon zen, eta oso ondo ospatu genuen jaia”.
Auzolanean eraiki zuten Belendizko txokoa duela 25 urte, eraikinak auzoko eskola zaharra izateari utzi zionean eta hori denbora bat erabili barik egon ostean. Herritarren artean eraikin hori txoko bihurtzea adostu zuten, eta urte guzti hauetan bertakoen etxe bihurtu da; denetariko bazkari, jarduera edo apariak bizi izan dituzte txokoan, eta hori guztia egun osoko egitarauagaz ospatzea erabaki zuten belendiztarrek. Erabaki eta egin.
Aitor Etxebarriazarraga eta Asier Galarzaren bertsoek eman zioten hasiera egunari, eta auzotarren arteko harremanak sendotzeko poteoa egin ostean, adin guztietako 170 bizilagunetik gora elkartu ziren Baserritik Gernikarakoek prestatutako bazkarian.
Jaiak etenik ez izateko, puzgarriak egongo ziren aukeran eguerdi bueltan, baina eguneko une desberdinena Euskal Herriko Harri Handien Txapelduna den Udax Magunazelaiak eskainiko zuen. Izan ere, 1972n Endañetak leporatu zuen Uarka auzoko 196 kiloko totxoa eroan zuten Belendizera, eta hura altxatu eta errekorra ezarri zuen Magunazelaiak. “Errekorra hiru altzalditan zegoen jarrita, baina lau aldiz altxatzea lortu zuen Magunazelaiak, errekorra ezarri”, azaldu dute antolatzaileek.
Magunazelaiaz gain, Piratak Herri Kirol Taldekoak ere aritu ziren herri kiroletan eta ingudeagaz.
Jaia musikagaz amaitu zuten, eta hori egiteaz arduratu zen Koete abeslaria.