Organikoen Olatura igotzeko deialdia
Mundakako Udalak abian du birziklapena eta jasangarritasuna bultzatzen dituen Organikoen Olatura Igo Zaitez programa.
Organikoen Olatura Igo Zaitez izeneko mugimendua abiatu du herrian Mundakako Udalak. Edukiontzi marroia udalerriko txoko eta bazter guztietara iritsiko da programa horri esker eta, gainera, udal taldeak poltsa konpostagarrien erroilu bat eskainiko die herritarrei, doan, 16 asterik behin. Birziklapena bide hartuta eta jasangarritasun helburu nagusi izanik, herritarrei kanpaina horregaz bat egiteko eta parte hartzeko deialdia luzatu die udalak.
Udaletik aurreratu dutenaren arabera, %100 biodegradagarriak izango diren poltsak irailean banatuko zaizkie izena emandako 157 familiei eta programan parte hartuko duten familia berri denei. Adierazi dutenez, “kanpainagaz bat egiten duen etxea” izateko, birzikapen kit bat ere banatuko diete. Kit horren barruan, ondorengoak edukiko dituzte eskuragarri: 10 litroko edukiera izango duen ontzi marroia; poltsa konpostagarriak; birziklapenerako informazio imana, ontzian zer bota dezaketen jakite aldera; eta giltza, edukiontzia zabaltzeko. Kit hori eskatzeko bidea udalaren webgunea izango da.
Beste alde batetik, jadanik hondakin organikoen birziklapena egiten duten baina kanpainara bildu ez diren mundakarrei ere mezua helarazi gura die udalak: parte hartzera animatzea. Horretarako, bide bi edukiko dituztela azaldu dute: batetik, udala.mundaka@bizkaia.org posta elektronikora idaztea; bestetik, 94 617 72 00 telefono zenbakira deitzea. Bide biak ala biak baliatuta, informazio zehatza eta argia jaso ahalko dutela adierazi dute.