Herri kirolei ikusgarritasuna ematen segitzen du Sustabizek
Fundazioak urtebete daroa Europako Joko eta Kirol Tradizionalen Europako erakundearen baitan, "aurrerapauso handiak" emanez. Eta, aurtengo ekitaldian, "ikusgarritasun nabarmena" izan du, bilerarako antolatutako harrijasotze eta trontza erakustaldiari esker.
Uda honetan, Sustabiz Fundazioaren jarduerak ez du etenik eduki. Izan ere, Sustabiz Herri Kirol zentroaren entremandu eta Urdaibai Gure Kirolak Sustatzen jardunaldi parte hartzaileez gain, Sustabiz Fundazioak hitzordu garrantzitsu bat izan zuen joan den astean, Santanderren: Joko eta Kirol Tradizionalen Europako Elkarteko (AEJeST) asanblada.
Fundazioak urtebete daroa Europako Joko eta Kirol Tradizionalen Europako erakundearen baitan, “aurrerapauso handiak” emanez. Eta, aurtengo ekitaldian, “ikusgarritasun nabarmena” izan du, bilerarako antolatutako harrijasotze eta trontza erakustaldiari esker. Izan ere, Kanariar uharteetako, Bretañako, Kantabriako, edota Kroazia, Hungria, Frantzia, Belgika, Italia, Polonia edota Suitzako herrialdeetako erakundeen aurrean eskaini zuten erakustaldia. Horren bitartez, Sustabiz Fundazioaren proiektuak “oihartzun nabarmena” izan zuela diote elkarteko arduradunek, izan ere, diotenez, emandako azalpenek eta bertan erakutsitako erakustaldiak “interes handia” piztu zuten gainontzeko herrialdeetako erakundeetan. Erakustaldian aritutako kirolariak izan ziren Ander Larruzea, Uxue Lejarzegi, Itxasne Apraiz eta Mikel Ugalde. “Sustabiz Herri Kirol Zentroan lanean aritutako kirolariak dira, eta horrek prozesu hau lantzeko jarritako esfortzu eta lana erakusten du, AEJeST-ren balioekin bat egiten dutena”, diote elkartekoek.
Horrez gain, Sustabiz Fundazioak AEJeST-eko zuzendaritza batzordearen neguko bilera Bizkaira ekarriko du, Santanderren hala onartu ostean: “Horrek Sustabiz Fundazioa, proiektua bera eta Gernika bera Eurpopako Joko eta Kirol Tradizionalen lupan jarriko du”.