Euria ez da oztopo izan jai giroaz gozatzeko
Euria egin duen arren, Bermeoko Izarra auzoak eta Gautegiz Arteagak jaiez gozatzeko aukera izan dute, egoera horretarako aurreikusitako baliabideei esker.
Bermeoko Izarra auzoko jaiek atzo arratsaldean izan zuten hasiera. Jendetza hurbildu zen auzora, gainera. Gaur ordea, euria dela eta aurreikusitako ekintzak modu murriztuagoan eraman dituzte aurrera. 11:30etan Konpartsa Izarra Erraldoi Txiki Bermeoren eskutiko kalejira, Herri Eskolako zelaiko karpara mugitu behar izan dute, eta gainera, atzeratu. Hala eta guztiz ere, hurbildu diren umeek eta beraien familiek une atsegin bat igaro dute. Katiuskak eta xirak izan dira nagusi gaur goizean Bermeon, baina horiei esker, eta pare bat aterkiren esker, kalejira berandutu arren, martxan jarri da.
Gautegiz Arteagan ere antzera izan da. Batez ere goizeko lehenengo orduetan euria izan da protagonista herrian. Hala ere, orduak aurrera egin ahala, xirimiriarekin batera piztu dituzte zartaginak. Izan ere, paella txapelketa egon da gaur, eta dena pentsatuta izan dute, atzo eta gaur artean hainbat toldo eta karpa jarri baitituzte parkean. Hori horrela, jendetza hurbildu da, bai gazte, bai haur, bai nagusi ere, giroaz gozatzera. Berdin-antzera jarraituko dute gainera, izan ere, gauera arteko egitaraua antolatu dute gazteek, musika, kirola, eta jaia uztartuz.