Alkurruntz Amaiurtik, Goi Zale Mendi Taldearen eskutik
Goi Zale Mendi Taldeak irailaren 7 eta 8rako mendi irteera prestatu du Amaiurrera. Bertako aterpetxean egingo dute gaua, eta bisitaren bat zein beste ere izango dute. Izena gaur [abuztuak 29] eta datorren martitzenean [irailak 3] eman daiteke, Goi Zalen bertan.
Gernika-Lumoko Goi Zale Mendi Taldeak Amaiurrerako irteera antolatu du. Irailaren bigarren asteburuan ekingo diote horri. Alegia, irailak 7 eta 8an. Horren inguruko xehetasunak adierazi dituzte Goi Zaleko kideek: “Zapatuan, goizeko 7:00etan irtengo gara Gernika-Lumoko autobus geltokitik, 9:00etan Amaiurren egoteko”. Horrekin batera, umeak ere etortzeko duten gogoa adierazi dute, azken irteeretara ez baita umerik joan. Zapatuan Alkurruntzera joatekoak dira, 14 kilometroko ibilbidea eginez. Domekan ordea, Amaiurretik ibiliko dira Cométe sarekoekin. “Data horiek aukeratzearen arrazoi nagusia Cométe sareak antolatzen duen ibilbidearekin bat egitea zen”, aipatu dute Gernika-Lumoko mendi taldeko kideek.
Asisko Urmeneta, nafar irudigile eta komikilaria da. Komikia, ilustrazioa, marrazki bizidunak, prentsako karikatura eta abarretatik ateratzen du bizimodua, eta bere lanek umorea izan ohi dute ardatz. Hainbat dira egin dituen lanak, baina badago bat, kasu honetan Goi Zaleko kideentzat berebiziko garrantzia duena: Amaiur!. Komiki hori oinarritzar harturik, zapatu arratsaldean, Urmeneta beraiekin egongo dela adierazi dute: “Deitu egin genion, ea etorriko litzatekeen irailaren 7an Amaiur! komikiari buruz hitz egiten, eta bide batez tokiari buruzko istorioak kontatzen”. Gauzak horrela, nafarrak baiezkoa eman zien.
Hori guztia nolabait lotzea zuen helburu Goi Zale Mendi Taldeak. Eta lortu dute: “Mendia, gure taldearen istorioa, umeak etortzeko aukera, Cométe sareko ibilbidea eta Asisko Urmenetaren bisitza irteera bakar batetan uztartzea lortu dutu”. Hori aprobetxatuz, jendea animatzeko deia zabaldu du taldeak, “30 lagunentzako tokia” dagoela esanez. Izen ematea gaur [abuztuak 29] edo datorren martitzenean [irailak 3] egin beharko da, Goi Zalen bertan. Aipatu dutenez, bazkide direnek 90 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek, berriz, 95 euro. Prezio horretan sartzen dena ere azaldu du taldeak: “Autobusa, zapatuko afaria Arizkune Ordoki erretegian, aterpetxean loa eta domekako gosaria dago ordaindutako prezioaren barne“. Bukatzeko, ohar garrantzitsu bat ere gogoratu nahi izan dute: “Bakoitzak bere lo sakua eraman behar du“.