Eguenan hasiko diren Gautegiz Arteagako jaiak parkera mugituko dituzte
Maiatzean hasi ziren Gautegiz Arteagako Herriko plaza birmoldatzeko lanak. Obra horiek direla eta, heltzear dauden aurtengo San Antolin jaiak parkera mugituko dituzte.
Eguenan [abuztuak 29] hasi eta astelehenera [irailak 2] arte iraungo dute Gautegiz Arteagako San Antolin jaiak. Patrik Saitua alkateak, jaiak heltzear dauden honetan, ohiko jaiekiko aldaketa nabarmenena adierazi du: “Aurten, obrak direla medio, Herriko plazan izan ezik, parkean eramango ditugu aurrera jaietako ekintzak”. Izan ere, maiatzetik urrira arteko lan-aldia espero dute Herriko plazako birmoldaketa lanekin bukatzeko. Hala ere, horrek ez du gautegiz arteagarrek jaiez peto-petoan gozatzea ekidingo.
“Bost eguneko egitarau zabala dugu”, azpimarratu du alkateak, eta mota guztietako ekintzak uztartuko direla gehitu dio adierazpenari: “Paella txapelketa, kontzertuak, dantzak, tortilla txapelketa, umeentzako jolasak, herri kirolak, pilota jaialdia eta mus txapelketa izango ditugu, besteak beste”. Alegia, betiko antzerako jaiak antolatu ditu Gautegiz Arteagako Udalak aurten ere, beti ere, “adin guztietako jendearentzat jasangarriak diren ekintzak” uztartuz.
Eguenan Gazte egunarekin emango diote arteagarrek hasiera jaiei, eta tartean Tabernazarre eguna edo Bezpera eguna izanik, San Antolin eguna izango da, astelehenean, jaiak itxiko dituen egun handia. Hori kontuan izanik, alkateak jendeak jaietan parte hartzeko deia zabaldu du, jai giro lasai eta garbia eskatuz: “Nahi duena herrira hurbiltzeko deia egiten dugu Udaletik, errespetua oinarritzat izango dituzten jaiak nahi ditugula kontuan harturik, eta jaietan jaiaz gozatzeko helburupean lan egiten dugularik”.
Egitaraua:
Abuztuak, 29, eguena.
12:00. Paella Txapelketa.
14:30. Paella Txapelketako sari banaketa eta bazkaria.
16:00. Bertso saioa (Mikel Retolaza eta Aitor Etxebarriazarragarekin).
17:00. Gazte Olinpiadak.
22:00. Kontzertuak.
Abuztuak 30, barikua.
19:00. Artie Dantza Taldearen emanaldia.
Ostean. Txupinazoa eta buru handiak.
20:15. Gautegiz Arteagako Frontenik txapelketako finalak.
22:00. Kontzertuak.
Abuztuak 31, zapatua.
12:00. Tortilla txapelketa.
14:30. Tortilla txapelketako sari banaketa eta bazkaria.
16:30. Etxebarria aita-semeak.
18:30. Esna Gazte.
20:00. Mozorro lehiaketa (Gaia: Zinema).
21:00. DJ Jaikide.
Irailak 1, domeka.
12:00. Haur eta umeen jolasak.
13:00. Bizkaiko Lokotx biltze txapelketak.
16:00. Mus txapelketa.
22:00. Kontzertua.
Irailak 2, astelehena.
11:00. Antolin Deunaren baselizara igoera txistulariekin.
12:00. Meza nagusia.
Ostean. Biribilketan jaitsiera txistulariekin.
14:00. Apar jaia.
14:30. Trikitilariak herrian zehar.
17:30. Pilota jaialdia.
Ostean. Jaiak bukatzeko, txokolatada.