Eusko Label Ligako lehen postua ziurtatu du Urdaibaik
Bermeo-Urdaibaik, Getarian, denboraldi hau lehen postuan bukatuko duela ziurtatu zuen arren, azken txanpan egin zion ihes hamairugarren ikurriñak, Donostiarrak zortzi ehuneneko aterata.
Zalantzaz jositako amaiera bizi izan zen atzo Getarian, Eusko Label Ligako hemezortzigarren jardunaldian. Izan ere, Donostiarra eta Urdaibai, biak helmugara parez pare heldu ziren arren, epaileak zortzi ehuneneko aldearekin donostiarrei eman zien garaipena, eta horrela, `Bou Bizkaia´-ri, beste behin, denboraldi honetako hamahirugarren ikurriñak eskuetatik ihes egin zion.
Hala ere, badute zer ospatzeko bermeotarrek. Eusko Label Ligako txapela lortu dutela, hain zuzen ere. Asteburuan garaipenik lortu ez arren, matematikoki lehen postua gordea baitute, Zierbenaren aurretik geldituz. Horrekin nahikoa zuten. 203 puntu ditu Urdaibaik gaur egun, eta atzetik Zierbena dute 177 punturekin. Beraz, bi jardunaldiren faltan ziurtatu du titulua taldeak. Gainera, falta diren bi jardunaldietatik bat, etxean jokatuko dute, Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak pil-pilean egongo diren horretan.
Patroi onena, Bermeon. Ospatzeko arrazoiekin jarraituz, bigarren urtez jarraian, Gorka Aranberrirentzat izan da Patroi onenaren Eusko Label Ligako titulua, 156 puntu lortuz. Hurrenez hurren, Getariko Unax Eizagirre (151 punturekin) eta Orioko Iñigo Larrinaga (132 puntu) daude top-hiruan Aranberrirekin batera. Bermeo-Urdaibairentzat asteburu gazi-gozoa izan da, alegia. Baina tente mantendu behar dira aurretik dutena ere ospatzeko arrazoi bihurtzeko.
Arraunzaleentzat hain garrantzitsua den Kontxako bandera hurbiltzen doan honetan, datozen asteburu biek Donostiako urak izango dituzte eszenatokitzat. Eguaztenean klasifikazio txandetik hasi, eta hurrengo asteburu bietan zehar izango da jokoan ligaz aparteko txapelketa hau. Bigarren mailetako taldeek ere jokatzeko aukera dute, ohi den moduan, eta batik bat, arraunzaleentzat giro itzela espero da Donostian, arraunak zein taldek altzatuko dituztenaren zain.