"Portu txiki baina indartsua" dela islatzen duen erakusketa Elantxoben
"Antzinako egoerak islatzen dituen" motorren erakusketa dago ikusgai Elantxobeko portuko tinglaupean, abuztuaren amaierara arte.
Asier Guenaga Landabasok antolatu du Elantxobeko portuko tinglaupea eszenatokitzat duen motorren erakusketa, Udalaren eta batez ere, alkatearen laguntzaz: “Elantxobetarra naiz, eta oraingoak barik, aintzinako, edo nik bizi izan ditudan bertoko egoerak islatzea gustatzen zait, eta horregatik antolatzen ditut honelakoak”. Izan ere, duela urte batzuetatik, Guenagak erakusketa antzekoak antolatu izan ditu askotan: bideoak, bisita gidatuak, etabar luze bat.
Elantxobeko alkate den Patxi Egurrolarekin harremanetan egonez, bien artean bururatzen zaizkie herriaren historiaren adierazle diren horiek ezagutzera emateko moduak. Kasu honetan, motorrak edo enbarkazioak hartu dituzte oinarri: “Portu txiki bat izanda, indartsua izan da Elantxobe enbarkazio eta motorrekiko”. Hori islatzeko, Guenaga, bere baitan gordeta izandako argazki askoz baliatu da erakusketa hau sortzeko, besteak beste. “Jendeari ere garai hartako motorren argazkirik duten galdetu diet, eta orokorrean asko lagundu didate horrekin”, aitortu du antolatzaileak.
Erakusketan, argazkiez gain, “garai hartako elkarteetako eta koperatibetako jendearen izenak ere” agertzen dira, datekin lagunduta, noski. Antzinako egoera desberdinak islatzeko helburupean sortu du Guenagak (udalaren laguntzaz) erakusketa hau: “Batez ere, gazteenek herriaren historia ezagutzea eta izandakoaren eta gaur egun denaren arteko aldeaz konturatzea zen asmoa erakusketa hau sortzean”. Hala ere, nagusientzat ere zuzenduta badagoela adierazi du, eta hala da, balorazio positiboa egin duela jendearen feedbackak entzunda. Ze tristea, baina ze polita, Hunkitu egin naiz, Zelako gauza ederra eta Bizipenak berbizitzeko aukera eman dit bezalakoak jaso ditu Guenagak erakusketarekiko, alegia. “Niretzako jendearen balorazioa garrantzitsua da, gero estilo horretako gauza gehiago egiten jarraitzerakoan, zein alor edo estilori jarraitu jakiteko”, adierazi du.
Zaharrenetik berrienera. Lehengoaren eta oraingoaren arteko talkan kokatzen da Guenaga: “Nik ez diot zein den hobea, lehengoa ala oraingoa, baina badiot desberdinak direla, oso. Eta hori da erakusketa honekin erakutsi nahi dudana”. 1960tik gaur egunera arteko motorrak islatzen ditu erakusketak, baina zaharragoak ere badaudela argitu du: “Zaharragoak egon badaude, noski, baina horretarako jendearen laguntza osoa behar dut argazkiak eskuratzeko”. Gutxi gorabehera ordena baten kokatzen da erakusketa, “zaharrenetik berrienera” ezagutzeko aukera emanez, hain zuzen.
Gau eta egun dago hor erakusketa, eta antolatzaileak herriaren jarrera nabarmendu nahi izan du: “Herriak errespetu handiz jokatu du honekiko. Noizbait paperen bat erori da haizea dela eta, baina herritarren jarrera itzela izan da, errespetua nagusituz”. Horregatik, jendea animatzeko deia zabaldu du, herriaren historiaren alor hori gehiago ezagutzeko aukera ematen duen dohaneko erakusketa izanik.