Badatoz umeek eta beraien familiek gozatzeko jaiak
Bermeoko Izarra auzoko jaiak heltzear dauden honetan, Konpartsa Izarra Erraldoi Txiki Bermeoko elkarteak, abuztuak 28tik 30erako aurreikusitako egitarauaren aurkezpena egin du.
Atzo [abuztuak 20] aurkeztu zituzten Izarra auzoko jaiak. Horretarako, Konpartsa Izarra Erraldoi Txiki Bermeoko (KIETB) kideek egitarau zabala azaldu zuten. Abuztuak 28tik [eguaztena] 30ra[barikua] bitartean ospatuko dira auzoan jaiak. “Izarrako jaien bederatzigarren edizioa ospatuko dugu aurton”, aipatu dute, eta horren gehigarritzat haurrei eta beraien familiei zuzendutako jaiak direla ere aipatu dute.
Eguazten, eguena eta barikuan, umeei zuzendutako ekintza desberdinak egongo dira auzoan: “Erraldoiak eta buruhandiak, Motx pailazoa eta apar-jaia bezalako ekintzez gozatzeko aukera izango dute herriko txikienek”. Kalejirarekin hasiko dituzte jaiak. Izarrako enparantzatik hasita eta txistuaren laguntzarekin, hain zuzen ere. Ondoren, “Izarrako balkoian” emango zaie hasiera hiru eguneko jaiei, eta KIETBko kideek, pregoilaria Alain Ugalde eta txupinera Ane Ferreras izango direla aurreratu dute. “Photocall-a, musika eta Xixili txikik girotuko dute lehen gaua, batez ere”, adierazi dute. Izan ere, Xixili txikirekin “argazkiak ateratzeko momentuak” egongo dira.
Eguenan ordea, 11:30etan emango diote hasiera jai giroari, eta beraiek ere egongo direla aitortu dute: “Beste behin, kalejira egingo dugu, eta kasu honetan KIETBek ere parte hartuko dugu horretan, besteak beste”. Laudioko Sorginlarren taldea ere izango omen da auzoan, eta “kalejiran parte hartuko dute”. Berritasunak ere izango dituzte aurton Izarrako jaiek: “Normalean kalejirak beti egin izan ditugu bozgorailuekin, baina aurton, gaiteroak eta tanbor-jotzaileak hartuko dute ahotsa, eta beraiek girotuko dute goiza”. Musikaz gain, beste hainbat ekintza ere aurreikusten dira: tailer desberdinak adibidez. 18:00tan buruarinen tailerra izango da eguenan, adibidez. Horren inguruko xehetasunak eman dituzte antolatzaileek: “20 pertsonentzako aforoa egongo da, batez ere segurtasuna mantentzeko, eta horrez gain, adin txikikoak nagusi baten eskutik hurbildu beharko dira tailerrera”.
Esan dutenez, aurton, gonbidatu bereziak izango dituzte, izan ere, Baños de Riojako buru handiak izango dira beraiekin. Barikua blai eginda hasiko dira gaztetxoak, ur globoen gerra eta apar-jaia egongo baitira frontoian, eta kasu honetan ere oharrak gehitu dituzte antolatzaileek: “Hauetan parte hartu nahi dutenek bainujantzia edo neoprenoa eroatea gomendatzen dugu, eta igeriketako betaurrekoak ere”. Motx pailazoa izango da 18:00etan jaiaren lidergotza hartuko duena, bere emanaldiarekin. Jaiei bukaera emateko, berriz, Xixili txikiren agurra egingo da, ohi den moduan: “Xixili txikiren doluzko ibilbidea egingo dugu, eta hau agurtu baino lehen, aurreskua ere egingo zaio”.
Animatzeko deia zabaldu dute KIEBTko kideek. Haurrek “hiru egun itzel” pasatzeko aukera egongo da, eta horrekin batera, esker oneko hitzekin bukatu dute aurkezpena: “Eskerrik asko Bermeoko Udalari eta AEKri, egitarau hau gauzatzea eta antolatzea posible egiteagatik”. Hurrengo egunetan zehar jarriko dituzte kartelak herrian, eta “aurreko urtean bezala”, QR kode bat izango da horietan, egitaraua euskaraz eta erdaraz ikustea ahalbidetuko duena.