Lokalbide programako oinarriak berritu ditu Bermeoko Udalak
Bermeoko Udalak Lokalbide programarekin jarraituko du beste urte batez. Hala eta guztiz ere, aurten programaren oinarriak berritu dituzte.
Diru laguntza alokairura bideratzeaz gain, aurrerantzean lokalean birgaitze lanak egiteko diru laguntza ere emango du Lokalbide programak. Izan ere, Bermeoko Udalak, beste behin programa horrekin jarraituko duela adierazi du, nahiz eta aldaketa ala berritasun batzuk izango dituen aurten. Maite Caruezo Ugalde Garapen ekonomikorako zinegotziak honakoa azaldu du, horrekiko: “programaren beharrizanak aztertu ditugu, eta ekintzaileei prozesua errazteko asmoz, oinarriak berritzeko erabakia hartu dugu”. Hortaz, aurten bi diru laguntza lerro eskainiko ditu Lokalbide programak. Orain arte moduan, ekintzaileek Lokalbide programako lokal hutsen alokairuaren kosturako diru laguntza eskatu ahalko dute, eta gainera, berritasun modura, lokal hutsetan birgaitze lanak egiteko diru laguntzak ere eskatu ahalko dituzte.
Caruezo zinegotziak gogoratu du Lokalbide programaren helburuak, Bermeoko Alde Zaharrean kokatuta dauden “lokal hutsei ikusgarritasuna ematea” eta “ekintzailetza sustatzea” direla, eta laguntzak ekintzaileei ematen zaizkiela nabarmendu du. Onuradunek, gehienez, 3.600 euroko diru laguntza jasoko dute, “300 euro hilabete bakoitzeko”. Mota askotako negozioak izan daitezkeela aipatu du, gainera: saltoki txikiak, pertsonentzako zerbitzu-enpresak, ostalaritza, artisau tailer txikiekin edo antzekoekin (arrantza eta elikadura, turismoa, adimen artifiziala, irtenbide digitalak) lotutako jarduerak… Diru laguntza hau emateko modua ere aldatu omen dute. “Aurrerantzean, diru laguntzaren %50a esleipenarekin emango da, eta beste %50a enpresak urtea betetzen duenean”, gehituz.
Lokalbide programaren baitan dagoen Alde Zaharreko lokal huts batean negozio bat sortu gura duen ekintzaileak, diru laguntza berri bat eskatu ahalko du aurrerantzean; izan ere, birgaitze lanak egiteko diru laguntza ere ahalbidetuko du Bermeoko Udalak. “Gehienez, 1.500€ emango dira enpresa bakoitzeko, eta birgaitze lanen fakturak 2024 urtekoak izan beharko dira”, adierazi du Udalak.
Diru laguntza bat edo beste, edo biak, eskatzeko azken eguna azaroaren 15a izango da, eta Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko da eskaera. Aurkezten diren faktura guztiak 2024.urtekoak izan beharko dira. Lokalbide programari buruzko informazio guztia Bermeoko Udalaren webgunean aurkitu daiteke.