Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea aldarrikatzeko mobilizazioa egin dute San Roketxutxu egunean
San Roketxutxu egunean [domekan], Gernika-Lumoko Sarek mobilizazioa deitu zuen 20:30etan, Merkurio plazatik hasita, Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatzeko.
Hirugarren urtea da Gernika-Lumoko Sarek herriko jaien azken egunean, San Roketxutxu egunean, Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea aldarrikatzen duela beste hainbat herritarrekin batera. Kasu honetan, 90 lagun batu ziren mobilizazioarekin bat egiteko. 90 ahotsek aldarrikatu zuten “Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera”. Gernika-Lumoko Sareko kideek aipatu dutenez, mobilizazioa “Gernika-Lumoko jaien testuinguruan” egin nahi zuten, “aldarrikapenerako beste kanal edo bitarteko bat bilatzeko” asmoz. Hildo beretik, Kittu musika taldearen laguntza eskertu dute, herriko kaleetan barrena “beraien musikarekin girotzen laguntzeagatik”. Arrano taldeko abesbatzak ere parte hartu zuen ekitaldian.
“Atzean duguna plazaratzeko ezinbestekoak dira guretzat mobilizazioak, eta oso pozik gaude dinamika horrekin jarraitu ahal izanagatik”, aitortu dute. Izan ere, Etxerat elkartearen azken datuen arabera, 130 euskal preso, 17 iheslari eta 3 deportatu daude oraindik gatibu edo erbestean, eta egoera horrekiko konponbide ala irteerak bilatzeak berebiziko garrantzia duela ere gehitu dute adierazpenetan: “Oraindik salbuespen neurriak indarrean daude, hau da, euskal preso hutsa izatearren, espetxe sistematik neurri asko aplikatzen jarraitzen da. Batik bat, 3. gradua eskuratzeko dauden zailtasunak, gradu regresioak, barriro espetxeratzeko aginduak eta baimenak eskuratzeko zailtasunak, besteak beste. Horrek esan nahi du, oraindik motibazio politiko bat dagoela euskal preso politikoekiko, zeinetan mendekuan oinarritutako oztopoak eta errepresioak indarrean jartzen dituzten”.
“Herriak normalizaziorako bidean aurrerapausoak eman beharrean, kontrako norabidean jartzen dute Euskal gizartea”, adierazi dute Sareko kideek. Horregatik, kale mobilizazioen bitartez, erabateko etxeratzeak gauzatzen jarraitu behar dutela uste dute, bitartean salbuespen neurri horiekin behingoz bukatuz. Helburu hori argi izan dute domekan Merkurio plazan batu ziren 90 lagunek, eta horregatik elkarlanean aldarrikapenez bete zituzten Gernika-Lumoko kaleak.
Abuztuak 23an Bilbora. Bizkaiko Etxera Eguna ospatzen den egun horretan [barikuan], Sarek, jendartea horretan parte hartzera animatzen du: “Gurekin batera ETXERA aldarrikapen bat izatetik, errealitate izateko bidea eraikitzera animatzen zaituztegu”. Egun hartan, beste behin jaiekin uztartuz, Bilboko Aste Nagusia puri-purian egongo den horretan, ekimena 13:00etan hasiko da Eliptika plazatik, eta udaletxean amaituko da manifestazio girotsuarekin. 15:00etan, ordea, Herri Bazkari bat egingo da txosna gunean eta amaitzeko, 17:30etan, erromeria eta ekitaldia ere egongo dira.