Olatu bateko aldea Zarauzko estropadan
Bermeo-Urdaibaik ezin izan du Zarauzko ikurriña lortu asteburuan olatu bateko aldearengatik. Donostiarrak lortu du garaipena, Urdaibai hiru segundora utziz.
Asteburu girotsua izan da Zarautzen. Herriko jaiak, eta hain esanguratsua den Zarauzko ikurriña jokoan Eusko Label Ligan. Domekan [abuztuak 18], Donostiarrak denboraldi honetako lehenengo ikurriña lortu zuen. Sei jardunalditan garaipenaren atean gelditu ostean, asteburuan Urdaibai atzean utzi zuten donostiarrek, olatu bateko aldeagatik.
Estropada oso sufritua izan zen atzokoa. Izan ere, zapatuko [abuztuak 17] jardunaldian Bou Bizkaia gailendu zen, Donostiarrari bost segundoko aldea aterata. Urdaibai zen beraz, hain ezaguna den Zarauzko ikurriña lortzeko faboritoa. Hala da, denboraldi honetan lehen aldiz errepikatu zituela Iker Zabalak zapatuko arraunlari guztiak domekan. Indartsu hasi zen Bermeo, eta lehenengo ziabogan Donostiarrari ia segundu bateko aldea atera zion. Zierbena eta Hondarribiri berriz, 3-4 segundo.
Donostiarra, olatuz olatu hasi zen arraunean, eta bermeotarrekiko pare bat trainerako aldea ateratzera heldu zen une batez. Ez horrela, Gorka Aranbarrik gidatutako trainerua berriz ere indartsu arraun egiten hasi zen, horrela alde hori murriztuz. Zarauzko ikurriña Bermeorentzat zela zirudienean, berriz ere Donostiarrak olatu bat arrapatu zuen, eta horrela helmugara bermeotarrak baino arinago heldu ziren, 3 segundoko aldearekin.
Bermeo-Urdaibaik lehen postua mantentzen jarraitzen du, bigarrenarekiko 24 puntuko aldea aterata. Hurrengo jardunaldian, zapatuan [abuztuak 24] Ondarroan izango du lekua Eusko Label Ligako hurrengo estropadak. Domekan [abuztuak 25] ordea, Getariko uretan lehiatuko dira traineruak.