Euria egin arren, "arazo barik" heldu ziren Begoñara
Joan den eguazten gauean ekin zioten Bermeotik Begoñarako gau martxari, Sollube 707 Mendizale Taldearen eskutik, eta "momentu batzuetan bidea zaila izan arren, ondo heldu" ziren.
31 lagun batu ziren: “Batzuk beranduago ere batu zitzaizkigun, baina gutxi gorabehera 31 elkartu ginen”, adierazi dute antolatzaileek. Balorazio positiboa egin dute hainbeste urtetan egiten darraiten martxa horrengan, eta “gero eta jende gehiago” animatzen dela aitortu dute.
20:00etan abiatu ziren Taraska plazatik, eta “6:00etan heldu” ziren Begoñara. Han, bakoitzak bere planak bete zituen: “Batzuek meza entzun zuten, beste batzuek loreak erosi zituzten, eta beste batzuk erroskilekin bueltatu ziren”. Euria egin zuen ordea gauean zehar, baina antolatzaileek aipatu dutenez, horrek ez zuen martxa ekidin. “Egia da ibilbideko zati batzuk euriarekin lokatz bihurtu zirela, eta zailagoa izan zela, baina hala ere, denok aurrera egin genuen”. Horrez gain, oso pozik heldu omen ziren helmugara animatu ziren guztiak.