Erkiagak eta Mantzik jantzi dute txapela
Gernika-Lumoko Grand Slameko finala jokatu zen zapatuan [abuztuak 17] Jai Alai frontoian, eta Aritz Erkiaga eta Mikel Mantzi izan ziren txapeldunak, rankingera begira 2.720 puntu jasoz.
Erkiaga eta Mantzi, Johan eta Lopezen aurka lehiatu ziren Gernika-Lumoko jaien erdigunean, Jai Alai frontoian. Giro bikaina zegoen herrian, eta batez ere, pilotalekuan. Bi zatitan banatu zen final handia. Izan ere, lehenengo setean Erkiagak ohi baino huts gehiago egin zituen. Ez zen fin ibili, alegia. Hori aprobetxatuz, Johan eta Lopez markagailua bereganatzen hasi ziren, segurtasun osoz. Horrela, lehenengo seteko norgehiagoka 9-15 irabaziz.
Bigarren zatian, gauzak zeharo aldatu ziren, ordea. 3-0ko aldearekin hasi, eta beste Erkiaga bat agertu zen jokoan. Biziagoa, zehatzagoa, konfiatuagoa. Mantzik eman zion konfiantza hori Ispasterko artistari, izan ere, aurkariak mutrikuarra kargatu nahi zuten, baina Mantzik itzel heldu zion karga horri. Garaipenaren gakoak horiek izan ziren: Mantzik oso ondo eutsi ziola eta Erkiagak, bigarren setetik aurrera, asko eta ondo errematatu zuela. 15-8 bukatu zen bigarrena.
Hirugarren setean dena zegoen erabakitzeko. Oso berdintsua izan zen hau, bikote biak ibili baiziren fin eta serioki lanean. Hala ere, beste behin Erkiagaren atakea (horma biko batekin bukatu zuen partida) eta Mantziren seriotasuna izan ziren funtsezko garaipenean. 5-3.
Aritz Erkiagak garaipena errepikatu zuen. Kasu honetan, Mikel Mantzirekin, ordea. Honekin, Ligako 8. txapela eskuratu du ispastertarrak, Iparraldeko finalaren zain. Mantzik berriz, txapelketa oso serioa egin ondoren, ongi merezitako lehen txapela lortu du gorengo mailako txapelketa batean. Hala nola, 2.720 puntu eskuratu dituzte irabazleek, eta 1.920 puntu azpi-irabazleek.