Aparkaleku sistema berria aukeratzear
Mundakako Udalak, aparkaleku sistema berriaren lehen fasea ireki du, eta herritarren proposamenak aurkezteko momentua dela adierazi du.
Hiru fase bereiziko dira Mundakako Udalak abiarazi duen proiektu honetan. Izenak dioenez, aparkaleku sistema berriak aurkitzea du helburu proiektuak. Lehenengo fasea, herritarren proposamenak aurkezteko izango da, bigarrena berriz, jasotako proposamenen bideragarritasuna aztertzeko, eta hirugarren eta azken fasea, bideragarriak diren proposamen horrek argitaratzeko.
Mundakan etxebizitza baten jabea edo erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute parte-hartze prozesuan, Udalak azaldu duenez. Horrez gain, aurkezpen-irizpideak ere ezarri dituzte: udal-eskumenaren eremuarekin zerikusia izatea, ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak eta iraunkorrak izatea, gaiaren gainetik interes orokorra lehenestea, jabetza pribatuko espazioei ez eragitea eta gaur egun planifikatuta edo gauzatze-lanetan ez egotea, batez ere.
Proposamenak aurkezteko hiru modu daudela ere adierazi du Mundakako Udalak. Hala nola, astelehenetik ostiralera 09:00-14:00 bitartean Udaletxean bertan aurkeztu daitezke proposamenak. Baita ere, talan kokatutako informazio karpan, eta azken aukera, on-line egitea izango da: Udaletxeko web orrialdeko galdetegian hain zuzen.