Gernika-Lumoko jaiak, bizi-bizian
Gernika-Lumok atzo [abuztuak 14] eman zion hasiera Andra Mari eta San Roke jaiei, kuadrilen arteko lotura gailendu zen egitasmo batekin. Domekara arte jarraituko du herriak jai giroaz gozatzen, adin guztietarako hainbat ekintzekin batera.
Atzo [abuztuak 14] eman zion Gernika-Lumok herriko jaiei hasiera: Andra Mari eta San Roke jaiei, hain zuzen. Bezperada egunarekin batera, kuadrilen arteko loturak gailendu ziren herrian, ohi modura, kuadrilen arteko janariei tokia eginez. Jendetza bildu zen egun osoan Gernika-Lumon, alegia. Batez ere, txupinazoarekin eta noski,gabaz: kanpoko jendearen helduerarekin eta kontzertuen hasierarekin bat eginez. Xaiborren disko festa ibiltariak hasi zuen jaia, eta ondoren, Pasealekuan Mikosis talde gernika-lumotarraz gozatzeko aukera izan zen herrian, Addarren eta Urratsen kontzertuez gain. San Juan Ibarrak ere Los Deltonosen kontzertua hartu zuen beregain.
Gaur ordea, Andra Mari eguna ospatzen ari dira gernika-lumotarrak, goizetik martxan jarritako egitaraupean. Hala nola, Gazteak taldeko txistularien eta Busturialdeko Gaiteroen eskutik Diana izan da herrian zehar, lehenik. Txikienentzat Gargantua ere jarri dute, 12:30ak aldera Adolfo Urioste kalean. Bai horrela, musikak, dantzak eta giro onak hartu ditu gaur Gernika-Lumoko kaleak. Orduak aurrera joan ahala, geroz eta jende gehiagok jantzi du gaur kamiseta zuria eta zapia lepoan, eta egitarau zabalaz gozatzera irten da, besteak beste, sukalkia, bazkari herrikoia, eta Zea Mays eta J Martinaren kontzertuak aurreikusten diren honetan.
Gainontzeko egunek ere hildo berean jarraituko dute: egun guztiko ekintzekin. Erakusketak, musika, dantza, janaria, kirola eta beste hainbat alor uztarturik. Horrela, bihar [abuztuak 16], San Rokeak ospatuko dituzte herrian, etzi [abuztuak 17] ordea, San Roketxu eguna, eta azkenik, domekan [abuztuak 18] San Roketxutxurekin emango diote itxiera beste urte batez gernika-lumotarrek hain esperoak diren jaiei.
Bezperada eguneko argazkiak hemen
Andra Mari eguneko argazkiak hemen
San Roke eguneko argazkiak hemen