"Herri txikietako jaiak ez galtzeko" helburupean hasi dira Ibarruriko jaiak
Atzo [abuztuak 13] hasi ziren Ibarruriko Andra Mari jaiak Muxikan, eta lau eguneko egitaraua prestatu du jai batzordeak, Udalaren laguntzaz.
Egitarau zabalarekin hasi dira Ibarruriko Andra Mari jaiak aurten. Lau egun, eta hainbat ekintza desberdin aukeran. Ibarruriko jai batzordeak jaiak antolatzen jarraitzearen helburua argi esan du: “Herri txikietako jaiak ez galtzea izan da gure helburua egitarau hau prestatzerakoan”. Horrez gain, herriko “generazio desberdinen arteko loturak” erraztea ere izan dute asmotzat, horrela elkarri lagunduz.
Atzo [martitzena], kirola izan zen nagusi egitarauean. Batik bat, pala txapelketa jokatu zelako: kanporaketak lehenik, hirugarren eta laugarren postuak ondoren, eta azkenik, finala jokatuz. Horren artean, tortila txapelketa ere jorratu zen, “parte hartze oso altuarekin”. Izan ere, hori nabarmendu dute jai batzordetik, “herri txiki bat izanik, jendearen parte hartzea oso altua” dela beti.
Gaur, gabaz izango da jai giroa herrian, hala nola, makailau jana egongo delako 22:00etan, beti ere musikaz girotuta. Bihar, ordea, goizean hasi eta hurrengo goizalderarte egongo dira ekintzak. “Esku pilota, euskal dantzak, umeentzat jolasak, eta musika asko” izango baitira bihar. Horren artean, bertso saioa ere antolatu du jai batzordeak, Ibai Amillategi eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariekin. Erromeria eta dj-a ere izango da gabaz, eta azkenik, kantzontzilo eta kulero lasterketa egingo da 02:00etan.
Barikuan, berriz, herri bazkaria egingo da Muxikan, herriko hildakoen mezaren eta briska txapelketaren ostean. Jai batzordetik eskuak zabalik agertu dira hurbilduko den jendearekiko, izan ere “denontzat dago lekua, eta denon artean disfrutatuko dogu”.