Lurgorriko jaiekiko jendearen erantzuna "izugarria" izan da
Joan den asteburuan, barikutik [abuztuak 9] domekara [abuztuak 11] bitartean, Lurgorriko jai batzordeak Gernika-Lumoko Udalaren laguntzaz prestatutako egitarauaz gozatu zuten auzoan, eta antolatzaileak "oso gustora" gelditu ziren jendearen erantzunarekin.
“Lan eta ordu asko sartu ditugu aurtengo auzoko jaietarako”, aipatu du Lurgorriko jai batzordeak, baina “jendearen erantzuna ikusita oso gustora” gelditu omen dira egindako lanarekin. Barikuan txupinazoa eta poteoa baino ez zegoen antolatuta, baina zapatua “izugarria” izan zen. Jende asko hurbildu zen antolatutako ekintza denetara, eta askotan aurreikusitakoa baino askoz gehiago: “Mendi martxan, joan den urtean 210 lagun inguru batu ginen, eta aurten ere auntzekoa espero genuen. Ba gure sorpresarako, aurten 475 lagun izan dira mendi martxan parte hartu dutenak”. Hain izan zen handia desberdintasuna, parte hartzaile guztieri “jaten emateko arazoak” espero zituztela antolatzaileek. Horrekiko, esker oneko hitzak dituzte: “Tabernetara joan behar izan ginen tortila gehiago eskatzera, eta tabernari guztien lana eta jarrera, goraipatzekoa eta eskertzekoa izan zen”.
Kontzertu aldetik ere, esperotakoa gainditu zen. Horregatik, jai batzordeak, “zapatua nabarmendu” nahi izan du. Bai jende aldetik, eta baita kalitate aldetik ere. “Zirkinik bez, The Uski´s eta Esne Beltza bezalako musikarien kalitatearen isla argia izan da gaba”, adierazi du jai batzordeak. Nabarmentzearekin jarraituz, Gernika-Lumoko bi talderen domekako agerpena ere goraipatu nahi izan dute: “Aphokalipsis eta Erreten gurekin izan ditugu, eta publikoak oso feedback ona izan zuen beraiekin.” Ordea, domekan “bero handia egin zuen eta jendea beranduako atera zen kalera”, baina gabeko kontzertuez gozatzeko “auzoa prest agertu zen”.
Protokoloaren eraginkortasuna. Gernika-Lumoko udalak puntu morea ahalbidetu du, bai Lurgorriko, eta baita herriko jaietarako ere. Horrez gain, Itaiak, Enbatak eta Sare Feministak beraien protokoloa ere jarri dute martxan, eta Lurgorriko jai batzordearen ustez “oso eraginkorra” suertatu da. Hain zuzen ere, ez omen da arazorik izan, eta jai batzordeak brigadeko emakumeekin hitz egin ondoren, “erraz konpondu zen arazo batez gain”, balorazio positiboa eman dute horrekiko. “Jai lasai, herrikoi eta seguruak” izan ziren asteburuan Lurgorrin bizitakoak, alegia.
Azkenik, “jendearen prestutasuna” aipatu dute antolatzaileek. “Bokatak egiteko, edozertan laguntzeko edota gure erabakiak ulertzeko” prest agertu ziren hurbildutakoak, eta hori “eskertzekoa da”. “Horrelako jaia antolatzeko hainbeste lan egin ostean, jendeak horrelako erantzuna izateak ez du parekorik”, azpimarratu dute.