Bihar gauean ekingo diote Bermeo-Begoña gau martxari
Sollube 707 Mendizale Taldeak antolatutako Bermeo-Begoña gau martxa bihar [abuztuak 14] izango da, 20:00etan Taraskatik irtenda.
“20-26 urte daroaguz martxa hau egiten, nahiz eta pandemia garaian bi urteko etena egin”, adierazi du Bermeoko Sollube 707 Mendizale Taldeak. Askok horrela pentsatu arren erlijioari lotutako ezer ez zen hasieraren muina izan, ordea. “Martxa desberdin bat” bilatzearen ideia izan zen hori abiarazi zuena. “Gabaz egiteko martxa bat nahi genuen, eta inguruko jendeak Begoñara joateko zeukan nahia erakutsi zigun. Hori hartu genuen abiapuntutzat, eta horrela erabaki genuen”.
Izan ere, geroz eta jende gehiago batzen da gau martxa tipiko honetara. Bakoitzak bere asmo ala helburuekin, noski: “Batzuek bai badute helburu erlijioso bat, eta Begoñako Basilikako lehen ala bigarren meza entzuten dute bide batez, beste batzuk ordea festan gelditzen dira Bilbotik, eta beste askok irteera desberdin bat egitearren egiten dute”. Horregatik, nahiz eta herritar guztiontzat zabaltzen den animatzeko deia, bueltarako toki mugatuak daude. “Autobusa dela eta ditugu toki mugatuak. Nahi duenak parte hartu dezake parte irteeran, noski, baina abiatzen direnetatik bueltarako zenbatek nahi duten autobusa kontrolatu behar dugu, autobus bat ala beste ekartzeko”, adierazi du mendizale taldeak. Hain zuzen ere, asko “bilbon gelditzen dira”, eta beste batzueri “senideren bat etortzen zaie bila”.
Zenbait geltoki bidean. Gabaz egiten den ibilaldia izanik, batez ere taldea puntu batzuetan batzeko asmoarekin antolatzen dituzte geltoki batzuk ibilbidean zehar, eta esan dutenez, horretariko batzuetan jateko eta edateko aukerak daude, ibilbide luzea baita: “Sollubeko antenan gelditzen gara lehenik, ondoren, Meñakabarrenan zerbait jaten dugu. Hortik Gamizera joaten gara, eta han txokolatada antzeko bat izaten dugu prest. Handik, Gaztelumendira igo eta Zamudioko hospitalean ere gelditzen gara. Azken geltokia ere Zamudion izaten da, kasu honetan, eliza aurrean. Behin hor gelditu, Donejakue bidea hartzen dugu, eta hortik Begoñara heltzen gara”. Goizeko 04:00ak aldera heltzen dira normalean helmugara. 20:00etan Bermeoko Taraska plazatik irtenda, bihar [abuztuak 14].