Faboritoak irabazle finala nork jokatuko duen erabaki den jardunaldian
Datorren zapatuan [abuztuaren 17], Erkiaga eta Mantzik, Johan eta Lopezen aurkako Gernikako Grand Slameko finala jokatuko dute Jai Alai Frontoian. Txapela jokatzeaz gain, ligako 2.000 puntuak ere jokatuko dituzte horretan.
Bi bikoteek (Aritz Erkiaga-Mikel Mantzi eta Johan Sorozabal-Imanol Lopez) bi setetan lortu zuten aurkariak garaitzea. Ez sufritu gabe, ordea. Eñaut Urreistik beste behin publikoa zutik jarri baitu askotan. Garaipen garestiak izan ziren beraz, eta datorren asteburuko finalak ez du faborito argirik.
Eñaut Urreistik eta Jon Zabalak ez zuten ezer galtzeko, eta ligaxkako azken partidako gidoia jarraitu zuten. Johan eta Lopez jokoa menderatzen saiatu ziren, ordea. Eñautek zailtasunetan jarri nahi izan zuen aurkaria behin eta berriz. Horiak tanto bakarrera gerturatu ziren, Eñauten bi paretei esker distantzia murriztuz. Bigarren setean, Urreistik eta Zabalak ez zituzten besoak jaitsi. 4-6 jarri ziren aurretik, eta 7-8 iritsi ziren atsedenaldira. Momentu horretan berdin zuen emaitzak. Publikoa Urreisti ausart batez gozatzen ari zen, oso gaztea oraindik, baina joko alaiaz eta gauzak ondo egiteko gogoz. Aurrean Johan eta Lopez zeuzkan, zeintzuk une erabakigarrietan sendotasun handia erakutsi zuten, eta partida ixtean asmatu zuten: 15-12.
Besteetan bezala transmititu ez zuena Aritz Erkiaga izan zen. Berak aitortu zuen ez zela gustura sentitu partidan. Agian, Jean-Dominique Olharan eta Gorka Sorozabal plan batekin etorri zirelako, eta horixe exekutatu ere egin zutelako: Erkiaga saihestu zuten, atzean sartu ziren eta Ispasterrekoak ezin izan zuen partidan sartu. Eskuinez bi pareta eder ditu Aritzek, eta atzo berriro erakutsi zuen. Lehen seta, Mantzik ondo lagunduta, 15-11 amaitu zen. Bigarrena ere, aurrera atera zuten, nohizean behin estutasunak izan arren.
Beraz, Johan-Lopez eta Erkiaga-Manci izango dira final handian. Iaz Del Riorekin lortutako titulua defendatuko du Aritzek, eta Johanek finalista izaten jarraituko du, oraingoan Imanol Lopezekin. Pronostiko argirik gabeko partida da, baina lau protagonistak atseden hartuta iritsiko dira hitzordu handira, aste barruan ez baitute partidarik Ipar Euskal Herrian eta Biarnon.
Sarrerak erosteko, hemen klikatu.